Bargagainekoak primeran Altsasun

Guaixe 2019ko ots. 6a, 12:49
Argazkia: Fernando Sola.

Larunbatean Nafar Kirol Jolasen Taekwondo Txapelketako 2. fasea jokatu zen Zelandi kiroldegian eta maila bikaina eman zuten sakandarrek

Larunbat goizean Altsasuko Zelandi kiroldegian Nafar Kirol Jolasen (NKJ) Taekwondo txapelketako 2. fasea jokatu zen eta Nafarroako taekwondo klubetako borrokalariek hartu zuten parte, tartean Altsasuko Bargagain Taekwondo klubekoak.

Taekwondo konbate txapelketak eta poomsae erakustaldia izan ziren Altsasun jokatu zirenak. Konbate txapelketan primerako lana egin zuten borrokalari sakandarrek. Bargagaingoek lortutako emaitzak aipatzearren, haurren mailan, gizonezkoen “minimosca” mailan Joseba San Migel bigarrena sailkatu zen, eta emakumezkoen “gallo” mailan Leire Etxaniz lehena izan zen. Emakumezkoen “ligero” mailan Alae Hassadi lehena eta Rania Mabchourd bigarrena sailkatu ziren. Kadete mailan, 33 eta 37 kilo arteko emakumezkoetan Erkuden Jinxin Moreno altsasuarrak irabazi zuen, eta 44 eta 47 kilo arteko emakumezkoetan Huda Lachab hirugarrena sailkatu zen. Junior mailari dagokionez, gizonezkoen “mosca” mailan Mohamed Essobai hirugarrena sailkatu zen eta emakumezkoen “ligero” mailan Irati Irigoien urdiaindarra izan zen onena, bere taldekide Ane Gilen aurretik. Haien taldekide Eva Saenz hirugarrena sailkatu zen. Bukatzeko, teknikan, lehenengo kadete mailan gizonezkoetan Aaron Rodriguezek irabazi zuen.

Aipatutakoez gain, Bargagain klubeko honako taekwondistak aritu ziren, baita ere, Altsasuko 2. fasean: Ekhiñe Agirre, Naroa Olmos,Ikhlas Haiyati, Asmaa Haiyati, Marwan Essobai eta Hugo Rodriguez. Guztiek egindako lanarekin kontentu egoteko arrazoi asko dituzte Bargagain taldean.


Zaragoza Hiriko Ibercaja Nazioarteko Opena
Ilbeltzaren 19an IV. Zaragoza Hiriko Ibercaja Nazioarteko Opena jokatu zen eta bertan 23 taekwondolarik osatutako Nafarroako Taekwondo selekzioak hartu zuen parte. Tartean zegoen Bargagain klubeko Irati Irigoien urdiaindarra. Bertatik zortzi domina ekarri zituzten: urrezko bat, zilarrezko bi eta brontzezko bost.