Jubenilak: Lagun Artea igoera faserako sailkatu da eta Altsasu sailkatzear dago

Guaixe 2019ko ots. 7a, 12:57
Lagun Arteakoak igoera faserako matematikoki sailkatuak daude, eta Altsasu sailkatzear.

Jubenilen 2. maila.  3. multzoa. 19. jardunaldia: Altsasu 2 – Etxarri Aranatz 1 / Burlades B 0 – Lagun Artea 3

Jubenilen 2. mailako 3. multzoan hiru talde sakandar lehiatzen dira: Altsasu, Lagun Artea eta Etxarri Aranatz. Txapelketako lehen fasean murgilduta daude, beste 9 talderekin batera, eta gauzak primeran doazkie gure taldeei. 19 jardunaldi jokatu dituzte eta Altsasu liderra da (51 puntu), jokatutako 19 partidetatik 17 irabazi eta 2 galdu eta gero. Altsasuk puntu bat ateratzen dio Lakuntzako Lagun Artea bigarrenari (50 puntu), Lagun Arteak 16 garaipen, bi berdinketa eta partida bat galduta dituelako, eta 9 puntu sailkapenean hirugarrena den Etxarri Aranatzi (42 puntu), etxarriarrek jokatutako 19 partidetatik 14 irabazi eta 5 galdu eta gero. Hortaz, jubenilen 2. mailako 3. multzoko podiuma guztiz sakandarra dela esan dezakegu.

Asteburuan jokatutako jardunaldian, Altsasuk 2 eta 1 irabazi zion Etxarri Aranatzi derbian eta Burlades taldearen kontra 0 eta 3 gailendu zen Lagun Artea. Asteburuan 20. jardunaldia dago jokoan eta Lagun Artearen eta Altsasuren arteko derbia zegoen jokoan. Santa Ageda ospakizunak direnez, partida hau aurreratu egin zuten eta 2 eta 0 irabazi zuten lakuntzarrek. Beraz, hurrengo jardunaldian lidergoa lortuko dute lakuntzarrek. Etxarri Aranatzek, aldiz, sailkapenean bosgarrena den Inter de Pamplona hartuko du.

Hiru jardunaldi geratzen dira lehen fasea bukatzeko eta bi talde onenak juniorren lehen mailara igotzeko igoera faserako sailkatuko dira. Lagun Arteak igoera faserako sailkapen matematikoa lortu du, eta Altsasuk esku-eskuan du txartela.