Jose Luis Beraza hirugarren beteranoa II. Negu Trailen

Guaixe 2019ko ots. 6a, 11:01

Berastegin 254 mendi korrikalarik jokatutako 16 km-ko traila Hassan Ait Chaouk eta Sarah Ugartek irabazi zuten

Igandean II. Negu Traila jokatu zen Berastegin, 16 km-ko eta 1.100 m positiboko desnibeleko mendi lasterketa. Hotza izan zen korrikalarien arerio nagusietako bat, ibilbidea estaltzen zuen elurrarekin batera. Hala ere, 261 korrikalarietatik 254ek lortu zuten proba despeditzea eta Hassan Ait Chaou billabonatarra izan zen azkarrena (1:29:42). Jose Luis Beraza 18.a sailkatu zen (1:36:17) eta uharte arakildarra podiumera igo zen, probako hirugarren beteranoa izan baitzen. Bestalde, Carlos Mañeru etxarriarra 67.a sailkatu zen (1:50:09). Emakumezkoetan Sarah Ugartek irabazi zuen (1:50:40).

Garingo Mendi Lasterketan sakandarrak oso ongi
Ilbeltzaren 20an Garingo mendi lasterketa jokatu zen (11 km, 575 m desnibel positiboa), euriarengatik eta lokatzarengatik ibilbide oso irristakorrean. 189 korrikalarik osatu zuten proba eta Ander Lazkano andoaindarra gailendu zen (56:32). Jose Luis Beraza zazpigarrena sailkatu zen (59:52) eta haren atzetik, Aritz Munarriz (1:00:05, zortzigarrena) eta Joxeja Maiza (1:00:10, bederatzigarrena) etxarriarrak sartu ziren. Jokin Bereziartu altsasuarra 19.a sailkatu zen (1:03:32), Jabi Gasanz altsasuarra 22.a (1:04:12), Carlos Mañeru etxarriarra 80.a (1:13:59) eta Mikel San Martin etxarriarra 158.a (1:28:01). Emakumezkoetan Negu Traileko irabazle Sarah Ugarte gailendu zen ere Garinen (1:11:48).