Eskola garraioa 18 urtera arte izatea eskatu dute

Guaixe 2019ko ots. 7a, 10:55
Udal ordezkariak eskola garraioa 18 urtera arte izateko eskatzen. Argazkia: FNMC

71 udaletako ordezkariek babestu dute eskaera. 

Derrigorrezko eskolatzea 16 urtera artekoa da. Horregatik eskola-garraioa ere 16 urtera arte eskaintzen da. Ikasketak bukatzean Lanbide Heziketa edo Batxilergo ikasketak egiten dituzten ikasleek ez dute euren ikastetxeetara joateko garraio zerbitzurik. Horrek landa eremuko ikasleei arazoak sortzen dizkie, % 80 baita ikasketekin segitzen duena. Esaterako, ikasle txikiagokoekin eskola garraioan ikastetxera joan daitezke, baina ordu bat beranduago ateratzen direnez, taxian edo gurasoekin bueltatu behar izaten dute. Familiak edo udalak emandako konponbideak dira. 16 urtetik gora izan eta ikasten segitu nahi duten Pirinioetako ikasleek herria utzi beharra dute.

Horregatik, 71 udalek eskola-garraioa 18 urtera arte luzatzeko eskatu dute. Horretarako, Hezkuntza Departamentuari legedia aldatzeko eskatu diote. Udal horiek uste dute ikasleei emandako laguntza pertsonalizatuak ez direla konponbidea. Eskaerarekin bat egin dute Ergoiena, Arbizu, Bakaiku eta Iturmendiko Udalek.