Ezkurdia-Galarzak eta Irribarria-Zabaletak aukeratu dute materiala

Guaixe 2019ko ots. 7a, 10:15
Atzoko material aukeraketa. Argazkiak: Azpeitiko UZTARRIA.

Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldian elkarren kontra ariko dira, ostiralean, Azpeitian (ETB1). Gaur Altuna III.a-Martijaren eta Elezkano II.a-Rezustaren txanda izango da, 11:00etan, Labriten

Asteburuan jokatuko da Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia. Ostiralean Azpeitian eta Tafallan daude partidak, larunbatean Labriten eta igandean Gasteizen, Ogetan.

Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta izanen dituzte aurkari ostiralean Azpeitian (ETB1). Atzo egin zuten material aukeraketa. Arbizukoa eta Baraibarkoa Olaizola eta Albisu irabaztetik datoz, 4 punturekin, eta bosgarrena lortzea da euren helburua. Artola eta Mariekurrena arerio zuzenak irabaztetik datoz ere Irribarria eta Zabaleta, eta finalerdietarako sailkatzeko 8. puntua lortu nahi dute. Beraz, bi bikoendako oso garrantzitsua da jokoan dagoen puntua eta hura lortzeko gogor lehiatuko dira.



Martijak gaur aukeratuko du materiala
Altuna III.ak eta Martijak Binakako hasierako ligaxkako liderrak, Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari larunbatean Labriten (ETB1). 5 puntu dituzte lehenengoek eta finalerdietarako sailkatzeko aukerak izaten jarraitzeko irabazi beharrean daude. Aldiz, Elezkano II.a eta Rezusta dagoeneko sailkatuta daude finalerdietarako, 9 puntu baitituzte, baina ikusgarri jokatzen ari dira eta finalerdietara lider iritsi nahi dute. Beraz, bi bikoak irabaztera aterako dira eta partida ikusgarria aurreikusten da Labriten.
Material aukeraketa gaur egingo dute, goizeko 11:00etan, Labriten.

Olaizola II.a, txapelketatik kanpo, lesioagatik
Binakako Txapelketak beste baja garrantzitsu bat izanen du. Batetik, Urrutikoetxea eskuetatik ezin osatu dabil. Ez dira garai onak pilotari bizkaitarrarendako. Eta horri Olaizola II.aren baja gehitu behar zaio. Goizuetakoak ezker hankako kuadrizepseko zurdan lesio larria du eta medikuek diotenez, lau hilabete inguru beharko ditu osatzeko. Nonbait asteleheneko entrenamenduan lesionatu zen Aimar Olaizola. Beraz, bukatu da berarendako Binakakoa eta ezingo du ere Buruz Burukoan jokatu. Udarako osatuta egotea da helburua. Pilotari beteranoak onartu duenez, aurretik lesioak izan ditu, “baina pena edo atsekabe gehiena” sortu diona hau izan da, “urteak aurrera doalakoz eta pilotan aritzeko gutxiago geratzen zaiolako”.

Baiko pilotak, beraz, bi baja garrantzitsu ditu. Enpresatik adierazi dutenez, Axier Arteagak ordezkatuko du Olaizola II.a igandean Gasteizen, Artola-Mariezkurrenaren kontra, baina ez da behin betiko erabakia. Material aukeraketa gaur egingo dute, 13:30ean, Ogetan. Bestalde, Victor Estebanek Mikel Urrutikoetxea ordezkatuko du larunbatean Tafallan, Aretxabaletarekin batera, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra aritzeko. Atzo aukeratu zuten materiala.

Asteburuko partidak
Ezkurdia-Galarza / Irribarria-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Azpeitian. ETB1)
Bengoetxea-Imaz / Victor -Aretxabaleta (ostiralean, 20:30ean, Tafallan)
Altuna III.a-Martija / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Arteaga II.a-Albisu / Artola-Mariezkurrena II.a (igandean, 17:00etan, Gasteizen. ETB1)