Guraso lanbidean trebatzeko

Guaixe 2019ko ots. 7a, 12:14
Haurrak eta gurasoak joals-parkean.

Haurren garapen egokian aitek eta amek “gurasotasun positiboa” landu behar dutela eta haiei propio zuzendutako ikastaroa antolatu dute.

Gurasoen kolektiboen beharrei erantzuna emateko asmoz, emozio-heziketa eta gurasotasun positiboa haurtzaroan eta nerabezaroan ikastaroa antolatu dute Ikastaroa Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Atakondoa eskolako guraso elkarteak, ikastetxearen eta udalaren laguntzarekin. Iosune Zabalak teknikariak azaldu digunez, “zientzia-ikerketak argi erakutsi du haurrek gorputz eta buru garapen osasuntsua izan dezaten, elikadura egokia izateaz aparte, oso garrantzitsua dela onespen, errespetu, afektibitate eta estimulazio giro batean hazi eta hezi daitezela”.  

Zabalak argitu duenez, “pertsonen arteko harremanek burmuinaren funtzioa eta egitura modelatzen dituzte; beraz, haurtxoak bera zaindu, estimulatu, babestu eta hezteko nahikoa gaitasun duen heldu bat behar du ondoan”. Bestela, eragin negatiboa izan eta “etorkizunean bere ikaste-prozesuan eragina izanen duten ondorio neurologikoak sor daitezke”.

Janztea
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariaren iritziz, “beharrezkoa da gurasook hainbat kontzeptu ezagutzea, esaterako: emozio-heziketa, sozio-emozio gaitasunak, erresilientzia, gurasotasuna eta psikologia positiboa”. Zabalaren iritziz, “ez da nahikoa irakurtzea eta ezagutzak eskuratzea; beharrezkoa da haietaz gogoeta egitea eta barneratzeko eta guraso eta seme-alaben arteko harremanetan aplikatzeko gai izatea. Ez du ezertarako balio seme-alaben heziketa emozionala bultzatu behar dugula jakiteak, haurrak negar egiten duenean gai ez baldin bagara emozio hori legitimatu eta balioztatzeko, egoerak  eragiten digun kezka edo estutasuna kudeatzeko dugun zailtasunagatik”.

Antolatu duten ikastaroak hiru helburu ditu. Aurrena, emozio gaitasunak ezagutzea positiboa bultzatzeko. Hurrena, neuro-hezkuntzaren eta emozio adimenaren garrantzia onartzea, bizikidetza-arazoak kudeatzen jakiteko. Eta, atzena, gurasoen hezkuntzaren inguruko oinarrizko gaien inguruan gogoeta egitea, egunerokoan gure praktika hobetzeko. Horretarako, Leticia Garces Larre irakasleak emozio-heziketa, gurasotasun positiboa, emozio gaitasunak nerabezaroan eta familia-gatazken kudeaketa gaiak landuko ditu kultur etxean izanen den ikastaroan, 19:00etan hasita.  

Saioen egutegia
Otsailak 14, osteguna.
Otsailak 28, osteguna.
Martxoak 13, asteazkena.
Martxoak 28, osteguna.

Izen ematea, ezinbestekoa
ssbirurtzun@gmail.com e-posta helbidera idatziz edo 948 600 694 telefonora idatziz.