Mank-en Berdintasun Zerbitzua, aste kontua

Guaixe 2019ko ots. 10a, 13:05
Olaztiarrak kalean gora eta behera.

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatuko duen zerbitzua martxo aldera jarriko da martxan.

Azken asteetan ibarreko makina bat udalek hartu dute erabakia: emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko duten eskumena Sakanako Mankomunitateari ematea. Zehazki, 14 udal dira pauso hori egin dutenak. Erabaki horiek hartuta, ilbeltzaren 29an egindako batzarrean Mank-ek Berdintasun Zerbitzua sortzea erabaki zuen. Erakundeko buru David Orozek esan digunez, martxorako nahi lukete zerbitzu berria martxan. “Nafar Lansarerekin hitzarmena eginen dugu haien zerrendatik berdintasun agentea kontratatzeko”, gaineratu du Orozek. Hitzarmenaren zirriborroa adostua dute aldeek eta sinadura besterik ez da falta.

Berdintasun Zerbitzua martxan jarri aurretik, Mank-ek emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari buruzko diagnosia egin zuen joan zen urtean. Garagartzaroan inkestak zabaldu zituzten Mank-en eta udalen web orrien bidez. Hainbat sakandarrekin elkarrizketa sakonak ere egin zituzten. Eta tailer irekiak eginez osatu zuten diagnosia egiteko lana. Berdintasun teknikariak eta  Mank-ek hura izanen dute lanerako abiapuntua.

Berdintasun Zerbitzu horretan Altsasu ez beste,  gainerako udal guztiak izanen dira. Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua duela 26 urte du. Orozek aurreratu digunez, Sakanako eta Altsasuko zerbitzuek koordinazio estua izanen dute.