Binakakoa: Bero-bero dago txapelketa

Guaixe 2019ko ots. 11a, 12:02
Altunak eta Martijak seigarren puntua lortu dute. Argazkia: Luis Angel Gomez El Correo.

Ezkurdiak eta Galarzak 22 eta 21 irabazi zioten Irribarriari eta Zabaletari eta Altuna III.a eta Martijak 22 eta 8 hartu zituzten mendean Elezkano II.a eta Rezusta. Gure pilotariak berpiztu dira eta hirurek dituzte txapelketan aurrera egiteko aukerak

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako erdialdean finalerdietara nor pasako zen, ia guztia erabakita zegoela pentsatzen zuten askok. Alde dezentea zegoen sailkapenaren goian eta behean zeudenen artean. Elezkano-Rezusta, Olaizola-Albisu, Irribarria-Zabaleta eta Artola-Mariezkurrena faboritoak goian zeuden bitartean, Ezkurdia-Ladis Galarzak eta Altuna III.a Martijak ez zuten bere maila ematen eta okerrago zeuden oraindik Bengoetxea VI.a-Imaz eta Urrutikoetxea-Aretxabaleta.

Baina gauzak zeharo aldatu dira; behean zeuden horiek, Altuna III.a-Martija eta Ezkurdia-Galarza bereziki, sorpresa eman eta partidak irabazten hasi ziren eta sailkapena izugarri estutu dute. Ondorioz, oraindik bero-bero dago txapelketa eta bi jardunaldiren faltan, oraindik ere sorpresa gehiagorako tartea dago.

Ezkurdiaren erakustaldia
Larunbatean Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza Iker Irribarriaren eta Jose Javier Zabaletaren kontra aritu ziren Azpeitian. Bi bikoek garaipena lortu nahi zuten: Ezkurdiak eta Galarzak, txapelketan bizirik jarraitzeko; Irribarriak eta Zabaletak, aldiz, zortzigarren puntua lortu eta Binakako finalerdietarako sailkatzeko. Horregatik, urduri aritu ziren eta, ondorioz, akats ugari egin zituzten bi bikoek. Parez-pare ekin zioten partidari, baina partidak aurrera egin ahala Galarzak beheraldia izan zuen; hainbat akats egin zituen Baraibarkoak, Irribarria partidan sartu zen eta 15 eta 19 aurreratu ziren Aramakoa eta atzean eroso zebilen Jose Javier Zabaleta atzelari etxarrendarra.

Baina Ezkurdiak eta Galarzak ez zuten partida galdutzat eman. Ezkurdiak bikoaren ardura eta lidergoa hartu zuen beste behin, Galarza babestu zuen eta esfortzu handiz, konpromiso itzelarekin eta izugarrizko lana eginez, lan okerrenak bere gain hartuz, partidari buelta ematea lortu zuen. Sekulako fedea izan zuten Ezkurdiak eta Galarzak. Partida bukatuta arbizuarrak onartu zuen bezala, “partidari eutsi behar geniola, ahal genuen moduan, hori esan nion Ladisi”. Eta lortu zuten. Dena jarri zuten jokoan eta markagailuari buelta ematea lortu zuten, 16 eta 20 galtzetik 22 eta 21 irabaztera arte. Ikusgarriak izan ziren azkeneko tanto horiek. Ezkurdiaren eskuzabaltasuna agerikoa izan zen beste behin eta bikoak txapelketako 5. tanto preziatua lortu zuen. Aldiz, 7 punturekin jarraitzen dute Irribarriak eta Zabaletak.

Altunak eta Martijak 8 tantotan utzi zituzten liderrak
Ikusgarria izan zen larunbatean Altunak eta Martijak Elezkano eta Rezustaren kontra leporaino betea zegoen Labrit pilotalekuan eskaini zuten partida. Txapelketan aurekin jarraitzeko, irabaztea derrigorrezkoa zuten Altunak eta Martijak; aldiz, finalerdietarako sailkatuta zeuden Elezkano eta Rezusta baina euren 10. puntua lortu nahi zuten. Garaipena lortzeko behar horrekin, Altuna eta Martija hasieratik dena ematera atera ziren, sekulako lana egin zuten, piloteoan agindu zuten eta defentsa bikaina egiteko ezin hobeto banatu zituzten lanak. Horrela, hasieratik, Altunak eta Martijak agintea hartu zuten eta alde handia ateratzen hasi ziren: 7 eta 2tik 13 eta 3-ra pasa ziren. Elezkanok eta Rezustak ez zuten, inolaz ere, euren maila eman eta akatsak pilatu zituzten. Horrela, Altunak eta Martijak ez zuten barkatu eta, azkenean, 22 eta 8 irabazi zuten.

Eta 12. jardunaldiko beste bi partidatan, Victorrek eta Aretxabaletak 15 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea VI.ari eta Imazi eta Artolak eta Mariezkurrenak oso puntu garrantzitsua lortu zuten, Olaizola ordezkatu zuen Arteaga II.ari eta Albisuri 22 eta 15 irabazi eta gero.

Sailkapena
Gauzak horrela, Ezkurdia-Galarzak eta Altuna-Martijak irabazi eta Arteagak eta Albisuk galdu eta gero, sailkapena estu-estu dago. Elezkanok eta Rezustak 9 puntu dituzte eta Binakako finalerdietarako sailkatuta daude. Haien atzetik, 3 bikotek 7 puntu dituzte: Irribarria-Zabaletak, Artola-Mariezkurrenak eta Olaizola II.a-Albisuk. Altuna III.a-Martijak 6 puntu dituzte, Ezkurdia-Galarzak 5 puntu, Bengoetxea VI.a-Imazek 4 puntu eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak 3 puntu. Hortaz, falta diren bi jardunaldietan gauzak zeharo aldatu daitezke, Altuna III.a eta Martijak eta Ezkurdiak eta Galarzak finalerdietarako aukerak izan, badituztelako. Azkenera arte, badago zertaz gozatu.

Datorrena: 13. jardunaldia
Hauek dira asteburuko 13. jardunaldiko partidak:
Urrutikoetxea-Aretxabaleta / Irribarria-Zabaleta (ostiralean, Larraintzarren. ETB1)
Bengoetxea Vi.a-Imaz / Ezkurdia-Ladis Galarza (larunbatean, Labriten. ETB1)
Olaizola II.a-Albisu / Elezkano II.a-Rezusta (larunbatean, Sorian)
Altuna III.a-Martija / Artola-Mariezkurrena (igandean, Beotibarren. ETB1)