Sakanako Atletismo Kopan San Martin eta Gomez garaile

Guaixe 2019ko ots. 12a, 13:35

Sakanako Mankomunitateak ostiralean banatu zituen 2018ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak. Erkuden San Martin eta Juan Carlos Gomez izan ziren txapeldunak

Ostiralean 2018ko Sakanako Atletismo Kopa- Lasa Kirolak Sariko sari ematea hartu zuen Etxarri Aranazko Lasa Kirolak dendak. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du Sakanako Atletismo Kopa, Lasa Kirolak babesle nagusiaren laguntzarekin eta Sakanako atletismo taldeen laguntzarekin, ibarrean atletismoa eta herri lasterketak sustatzeko eta aipatu probetan korrikalari sakandarren parte-hartzea sustatzeko.

2018an Sakanan antolatutako 5 probek puntuatzen zuten Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako: Ziordiko Krosak (maiatzak 19), Bakaiku-Iturmendiko XV. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 26), Ergoienako XV. Birak (irailak 22), Olaztin jokatutako XVIII. Sakanako Herri Lasterketak (azaroak 3) eta Zubeztia elkarteak Altsasun antolatutako 38. Oinezko Lasterketa-35. Barricarte Memorialak (abenduak 8). Sakanako Atletismo Kopan Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatu dute, emakumezkoek eta gizonezkoek, eta bost proba hauetatik gutxienez lauretan parte hartu behar zuten.

Gauzak horrela, emakumezkoetan Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarrak irabazi zuen Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria, Izaskun Beunza Azazeta olaztiarraren eta Maite Zabaleta etxarriarraren aurretik. Gizonezkoetan Juan Carlos Gomez Fernandez izan zen kopako txapelduna, Jose Javier Maiza Begiristainen eta Francisco Javier Gomez Fernandezen aurretik. Txapeldunek 80 euro jaso zuten Lasa Kirolakeko kirol materialean, bigarrenek 60 euro kirol materialean eta hirugarrenek 40 euro kirol materialean. Bestalde, bost probetan parte hartu duten korrikalarien artean -Santi Agirre eta Erkuden San Martin– sari bat zozketatu zen, Lizarragako Bentan egonaldia, eta Santi Agirrek lortu zuen saria.

Aurten ere Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria antolatzeko asmoa du Sakanako Mankomunitako Kirol Zerbitzuak.