Erdialdea Trenaren Alde plataformak tren sozialaren aldeko kontzentrazioa antolatu du larunbaterako. Deialdi horrekin Nafarroako hainbat eragilek bat egin dute. Tartean Sakanako udal guztiak, Altsasukoa ezik. Hala jakinarazi du Sakana Trenaren Alde AHTrik ez! plataformak. Larunbateko kontzentrazioko deitzaileek jakinarazi dutenez, “egun gozatzen dugun trenaren alde eginen dugu, Nafarroa egituratzen duenaren alde; ohiko trenbidetik ibiltzen denaren alde”. Bilkuran Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta trenbide korridore berri bat eraikitzearen kontra eginen dute ere.
Bilkuraren leloa Si al tren social. AHT-TAP gelditu! izanen da. Bilkurara joaten direnen buruen gainetik ageriko diren letra handiekin ikusaraziko dute leloa. “Gure aldarrikapenaren adierazpen indartsua izanen da”. Letra horiei herri mugimenduetako eta udaletako ordezkariek eutsiko diete, tartean sakandarrak.
Sakana Trenaren Alde AHTrik ez! plataformak Tafallako deialdiarekin bat egin du eta sakandarrak ere hala egitera animatu ditu. Larunbatean Tafallara joateko autobusa antolatu du plataformak eta ohiko tokitan bihar arte eman daiteke izena. Autobusa 15:00ak aldera Ziorditik abiatuko da herriz herri pasako da jendea jasotzen.