Aizkoran trebatu nahi duzu? Zatoz Sakanako Aizkora Eskolara!

Guaixe 2019ko ots. 13a, 13:24
Erdoziatarrak, Sakana Aizkora Eskolako ikasle baten alboan, Sakanako herri kirol egunean.

Sakanako Aizkora Eskola martxoaren 8an hasi eta maiatzaren 10era bitartean egonen da martxan, Erdoziatarren Etxarri Aranazko bordan. Izena ematea martxoaren 1era arte dago zabalik, Mank-en

Sakanako Mankomunitatearen Kirol Zerbitzuko helburuetako bat herri kirolak sustatzea da, eta ibilbide horretan aurten ere Sakanako Aizkora Eskola antolatuko du. Juanito Erdozia, Juanjo Erdozia eta Migel Angel Erdozia aizkolari etxarriarrek gidatuko dute eskola. Aizkorak sekretu gutxi ditu erdoziatarrendako, eta, beraz, eurekin trebatzeko aukera primerakoa da. Aizkolaritzan trebatu nahi dutenek, beraz, primerako aukera dute Sakanako Aizkora Eskolarekin.

10 urtetik 20 urtera bitarteko gaztetxoek eman dezakete izena Sakanako Aizkora Eskolan, eta tokia badago, helduagoek ere. Klaseak Etxarri Aranatzen izanen dira, erdoziatarren bordan, martxoaren 8tik maiatzaren 10era bitartean, asteartetan eta ostiraletan, 19:30etik 20:30era.

Bitartekoak jarri eta harrobia sortu
Sakanako Aizkora Eskolaren helburua, aizkoran hasi edo trebatu nahi dutenei kirol honetan murgiltzeko baliabideak ematea da. Izan ere, sarritan herri kiroletan aritzea nahiko genuke baina bertan aritzeko materialak eta baliabideak ez ditugu eskura. Gabezia horiei irtenbidea emateko sortu zuen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, bere garaian, Sakanako Aizkora Eskola. Horrela, aizkora gustuko dutenei aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak –aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste– ematen zaizkie. Hasieratik arrakasta handia izan du eta urtero bertan aritzeko tokiak betetzen dira. Bestalde, Sakanako Aizkora Eskolarekin, aizkora bulkatzeaz gain, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatu nahi da. Asko dira bertatik atera diren aizkolariak, egun txapelketetan aritzen direnak.

Izena ematea zabalik, martxoaren 1a baino lehen
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan eman behar da izena, martxoaren 1a baino lehen (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 55 euro. Adina: 10-20 urte bitarteko neska-mutilak. Tokia badago, helduagoak ere.