Rural Kutxa Seguros RGA taldearen aurkezpena

Maider Betelu Ganboa 2019ko ots. 13a, 11:37
Josu Etxeberria, Rural Kutxa Seguros RGA taldeko aurkezpenean. Argazkia: Team Caja Rural-Seguros RGA.

Atzo talde profesionalaren eta afizionatuen taldearen aurkezpena egin zen Madrilen, Seguros RGA babeslearen egoitzan. Afizionatuen taldean sakandar bakarra dago, Aralar klubetik Rural Kutxara salto egin duen Josu Etxeberria iturmendiarra

Atzo egun garrantzitsua izan zen Rural Kutxa Seguros RGA txirrindularitza taldearendako. Madrilen bildu ziren izen bereko bi taldeak, talde profesionala eta afizionatuen mailako taldea, amateurra. Seguros RGA babeslearen egoitzan egin zuten 2019 denboraldiko aurkezpena. Floren Eskisabel altsasuarra da txirrindularitza taldeko zuzendaria eta Juanma Hernandez managerra.

Talde profesionalak 19 txirrindulari ditu, Eugenio Goikoetxea ordezkatzen duen Josemi Fernandez kirol entrenatzailearen esanetara. Aurten sekulako aldaketa egin diote taldeari. “Eugeniok urte asko zeramatzan taldean, eta bere aldaketarekin bizikletan aritzeko era eta mentalitatea aldatu nahi izan dugu, lasterketak prestatzeko eta korritzeko modua aldatu. Guztia aldatu nahi izan dugu” azaldu zuen Josemi Fernandezek. Staffa aldatzeaz gain, plantillan ere aldaketa nabarmenak daude, 10 baja eta 9 alta baitaude. Jonathan Lastra, Alex Aranburu, Jon Irisarri, Julen Azmezketa eta Jon Aberasturi dira taldeko euskaldunak. Euren arerio nagusia “eurak” direla nabarmendu zuten, talde orekatua sortu dutela, eremu guztietan borrokatzeko, eta aurrera pausua emateko ordua dela.

Afizionatuetan Josu Etxeberria sakandar bakarra
Rural Kutxa Seguros RGA talde afizionatuak 20 txirrindulari izango ditu eta sakandar bakarra ariko da bertan, Aralar Txirrindularitza Klubeko juniorretatik afizionatuetara salto egin duen Josu Etxeberria iturmendiarra, hain zuzen. Kadeteetan eta juniorretan bikain ibili da Etxeberria eta iturmendiarrak afizionatuetan maila bera ematea da txirrindulazale sakandarrek espero dutena.
Iñigo Altuna, Diogo Barbosa, Jorge Bueno, Juan Fernando Calle, Jefferson Cepeda, Luis Mari Garikano, Sergio Ginés, Juan Esteban Guerrero, Pol Hernández, Iñigo Lazkano, Pau Llaneras, Andoni López de Abetxuko, Sergio Martín, Guilherme Mota, Jokin Murgialday, Joel Nicolau, Alfonso Pla, Eusebio Pascual eta Carmelo Urbano izango ditu taldekide.