Binakakoa: beste jardunaldi erakargarri baten atean gaude

Guaixe 2019ko ots. 15a, 12:20

Asteburuko Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldiko partidetako pilota aukeraketak asteartean eta asteazkenean egin ziren. Hiru pilotari sakandarrek Binakakoan aurrera egiteko aukera dute baina horretarako jokoan dituzten partidak irabazi behar dituzte.

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko 2 jardunaldiren faltan, oraindik asko dago erabakitzeko. Mikel Urrutikoetxea txapelketara itzuliko da, ezker eskua jokatzeko baldintzetan duelako. Horrela, orain arte Urrutikoetxearen partez aritu den Victorrek txapelketatik kanpo geratu den Aimar Olaizolaren lekua hartuko du.



Material aukeraketak
Gaur, ostiralean, Larraintzarren jokatuko duten Irribarria-Zabaletak eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak materiala aukeratu zuten asteartean. Irribarriak eta Zabaletak irabazi beharra dute, euren zortzigarren puntua lortu eta Binakako finalerdietarako sailkatzeko. Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak ez dute ezer jokoan, hiru puntu baitituzte, baina itxura ona eman nahi dute eta ostiraleko partida irabazi, bide batez Irribarria-Zabaletarekin batera puntura berdinduta dauden Artola-Mariezkurrenari eta Victor-Albisuri laguntzeko.

Ezkurdiak eta Ladis Galarzak eta Bengoetxea VI.ak eta Imazek asteazkenean aukeratu zuten materiala, Labrit pilotalekuan. Ezkurdiak eta Galarzak airea hartu dute azkeneko bi partidak irabazi eta gero, eta 5 punturekin, txapelketan aukerak izaten jarraitzeko derrigorrezkoa dute irabaztea. Bengoetxea VI.ak eta Imazek, 4 punturekin, ez dute Binakako Txapelketan aurrera egiteko aukerarik, baina profesional handiak izaki, duten onena emango dute txapelketa ahalik eta hobekien bukatzeko. Beraz, larunbatean partida gogorra aurreikusten da, eta leporaino beteko den Labriten giro bikaina espero da.

Martija dominatzea, “gakoa”
Asteazkenean ere igandean Tolosan jokatuko duten partidarako pilotak hautatu zituzten Altuna III.a-Martijak eta Artola-Mariezkurrena II.ak. Lehia zuzeneko partida da hau, Altuna III.a eta Martijak 6 puntu eta Artolak eta Mariezkurrenak 7 puntu dituztelako. Jokoan dagoen puntua, beraz, urrezkoa izango da sailkapena aldatuko duelako. Jardunaldi honetan interes eta jakin min handiena sortu duen partida da igandean Beotibarren jokatuko dena.

Martijak azaldu duenez, bera eta Altuna aurreko  urtean erraz sailkatu ziren finalerdietarako –iaz 10 partida irabazi zituzten lehen fasean eta 11. jardunaldirako matematikoki sailkatuta zeuden– eta “bazirudien dena oso erraza zela. Aurten, aldiz, ikusi dugu guztiek asko jokatzen dutela, eta bolada txar bat baduzu zulora zoazela”. Martijaren esanetan “konfiantza falta” izan dute. “Kosta egin zaigu partidak ateratzea, baina egoera horretatik ateratzeak konfiantza eman digu. Oraindik zail dago sailkatzea, baina boladarik onenean gaude. Goraka goaz, eta finalerdietara sartzen bagara, sasoiko iritsiko gara” bota du abisua Etxeberriko atzelariak. Mariezkurrenak material aukeraketan esan zuenez “gakoa Martija dominatzean egongo da”.

Bestalde, bihar, larunbatean Sorian jokatuko duten Elezkano-Rezustak eta Albisuk astearte goizean aukeratu zituzten pilotak. Victorrek jokatuko du Albisurekin, Olaizola ordezkatuz. Elezkano eta Rezusta finalerdietarako sailkatuta daude eta Victorrek eta Albisuk, aldiz, irabazi eta 8. puntua lortu nahi dute, finalerdietara sailkatzeko bidean ongi kokatzeko. Beraz, asko egonen da jokoan ere larunbatean Sorian jokatuko den partidan.

Joanes Bakaikoaren buelta
Baiko Pilotako Joanes Bakaikoa lesionatua egon da, ilbeltzean ezker eskuko behatz batean haustura izan zuelako. Horregatik ez du parte hartu Promozioko Binakakoan. Baina pilotari etxarriarra osatu egin da eta asteburu honetan itzuliko da kantxetara. Hain zuzen ere, larunbatean 17:45ean Sorian jokatuko den jaialdia zabaltzen duen partidan ariko da Bakaikoa, Iturriagarekin batera, Alberdiren eta Etchegoinen kontra aritzeko.