Hildakoa oso bizirik dagoelako

Guaixe 2019ko ots. 15a, 13:02
El Muerto Vivo taldea. GAIZKA PEÑAFIEL

El Muerto Vivo musika taldea sortu du Iñigo Muñoak, Pello Reparazekin eta Paxka Etxeparerekin batera. Estatutik diskoa aurkeztu ondoren, kontzertua eskainiko du bihar larunbata, 21:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean

"Hasteko garaia bazen". Iñigo Muñoak El Muerto Vivo proiektua martxan jarri zuen iazko uda hasieran. Hala ere, bi urte pasa da proiektua zehazten. Pello Reparaz musikariarekin eta Paxkal Etxepare produktorearekin sortu du proiektua, "kasualitatez". Izan ere, Muñoa egondako beste taldetako diskoak jaso zituen Reparazek, eta gustatu zitzaizkion. Hortaz, elkarrekin proiektua egitea proposatu zion. Azaroan taldearen homonimoa den diskoa kaleratu zuen, eta orain aurkezpen bira egin du. Lehenengo kontzertua Sakanan eginen du, bihar, larunbata, Etxarri Aranazko kultur etxean. 21:00etan izanen da emanaldia, baina 19:30etik ateak irekiko dituzte.

Noches de verano abestiarekin eta bideokliparekin aurkeztu zuen taldea Iñigo Muñoak. Lizarragabengoan grabatu zuten bideoa. Horren ondoren, hamar abestiko diskoa etorri zen. Azken asteetan promozio bira egin du estatutik: Oviedon hasi ziren, Donostiatik pasa ziren eta handik hegoaldera joan ziren; Valentzian, Alicanten, Sevillan eta Granadan egon ziren. "Kilometro asko egin ditugu, baina ongi". Akustikoan egin ditu aurkezpenak, Jorgito taldeko gitarra jolea lagun izan duela. Bihar Etxarri Aranatzen eginen duten kontzertua, aldiz, talde osoa, laurak, batera ariko diren lehenengo kontzertua izanen da, eta "gogo askorekin" dago Muñoa.

Taldearen identitatea
Runba da El Muerto Vivo taldearen oinarrian dagoen musika estiloa. Muñoaren musikaren bereizgarrietako bat da. Izan ere, estilo horretan sentitzen da erosoen. Hala ere, ildoa "betikoa" den arren, beste musikari batzuekin jotzen duenez, taldearen estiloa "desberdina" dela dio Muñoak. Gainera, ahotsa ere aldatu zaiola azaldu du.

Lehenengo diskoak hamar abesti ditu, Muñoak sortuak. Hala ere, musikariak azaldu duenez, Pello Reparazen laguntza ere izan du: "abesti batzuk bion arten egin ditugu". Abestiak "denetarikoak" dira: egunerokotasunean gertatzen diren gauzak, maitasuna... Geldoagoak eta mugituagoak daude ere.

Estatutik egindako bira "oso ondo" joan dela esan du Muñoak. "Proiektua berria da, eta zerbait berria egiten duzunean ez dakizu zer aurkituko duzun; baina oso ondo". Runba oinarri izanda, Andaluzian musika estilo horrekin ohitura handiagoa dutenez, "oso gustura" aritu dira. Hala ere, bira osoan egindako emanaldietan jendeari gustatu zaiola esan du: "eta gu pozik".

Lehenengo aldia zen Muñoak horrelako bira bat egiten zuela, hau da, estatutik barrena bere musika aurkezten ibiltzen zela, izan ere, aurreko taldeetan "hemendik" egin izan ditu, gertu. Esperientzia "oso ona" izan da Muñoarendako: "ez zaitu inork ezagutzen, eta zure musika entzuten badute da musika hori benetan gustatu zaiolako, ez ezaguna delako".

Lehenengo kontzertua
Bira egin ondoren, kontzertuan ariko da, beraz, El Muerto Vivo taldea lehenengo aldiz Etxarri Aranazko kultur etxean. Dantza egiteko aukera izanen dela esan du Muñoak: "bestela gure lana gaizki egiten ari gara". Diskoak bezala, kontzertuan abesti lasaiagoak eta mugituagoak egonen direla aurreratu du. Etxarri Aranatzen kontzertua egiteko eman dieten erraztasuna eskertu du, eta bertan jo duenean "oso ondo" atera dela esan du.

Etxarri Aranazko kontzertua, aldiz, hasiera baino ez da. Datak oraindik ez dituzten arren, hainbat kontzertu emanen dituztela aurreratu du Muñoak. Altsasun egonen direla ere esan du. Maukarekin lanean ari dira.