Hizkuntzalaritza ikerketetan erreferente

Guaixe 2019ko ots. 15a, 10:36
Ekaitz Santazilia, zuzendaria; Mikel Arregi, Euskarabidea, eta Dori Lopez, Pricipe de Viana. NAFARROAKO GOBERNUA

'Fontes Linguae Vasconum' aldizkari zientifikoak 50 urte betetzen ditu aurten. Jose Mari Satrustegi arruazuarrak sortu zuen 1969an. Urteurrenerako hainbat ekimen antolatu dituzte, Ekaitz Santazilia aldizkariaren zuzendariak Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus) azaldu duenez

1950ko hamarkadaren bigarren erdialdean Nafarroako Diputazioak euskararen aldeko saila sortu zuen eta, horren barruan, hainbat ekimen egin zituen. Besteak beste, bertsolaritza bultzatu zuen eta haur euskaldunei azterketak egiten zieten. 1969an euskararen inguruan ikerketa zientifikoak argitaratzeko aldizkari zientifiko bat sortu zuten: Fontes Linguae Vasconum. Jose Mari Satrustegi euskaltzain arruazuarra aldizkariaren sorkuntzan parte hartu zuen, Ekaitz Santazilia filologoa eta aldizkariaren zuzendariak Beleixe irratian (FM 107,3 eta guaixe.eus) azaldu duen bezala.

Ekaitz Santazilia filologoa da eta euskararen eta euskal ikasketen inguruko aldizkari zientifikoaren zuzendaritza hartu du. Santaziliak kontatu duenez, Jose Mari Satrustegik Jose Esteban Uranga Principe de Vianako zuzendariaren bisita izan zuen uztailaren 7 batean, San Fermin egunean, Urdiaingo apaiza zela. "Etnografiari buruz egiten ari ziren ikerketak nola publikatu pentsatzen ari ziren. Eta orduan etnografia aldizkari bat behar zela ondorioztatu zuten. Zer egin, nola eta euskarak zer leku izanen zuen erabaki behar zuten ere". Orduan, euskarak eta euskal ikerketek aldizkari propio bat behar zutela erabaki zuten. Horrela sortu zen Fontes Linguae Vasconum. "Urangak bazuen kezka euskararen inguruan sortutako lanekin aski izanen zen aldizkaria betetzeko, eta Satrustegik Estudia Documenta deitzea proposatu zuen". Hortaz, euskal ikerketekin batera euskal dokumentu zaharrak ere argitaratuko zituztela erabaki zuten.

Aldizkari zientifikoa
1969an sortu, eta 2019an, beraz, 50 urte beteko ditu Fontes Linguae Vasconum Satrustegik euskararen eta euskal ikerketen inguruan proposatutako aldizkari zientifikoak. Mende erdia pasa bada ere, aldizkariaren helburuak "berberak" direla esan du Santaziliak: euskarari buruzko ikerketa zientifikoak argitaratzea eta euskal testu zaharrak ikertzea eta ezagutzera ematea. "Ez da egunero irakurtzeko aldizkari bat. Ez da etxean izaten diren aldizkari horietako bat. Aldizkari zientifikoa da, publiko espezializatuarendako, batez ere.

Euskal filologia aldatu den bezala aldizkaria ere aldatu dela azaldu du Santaziliak. Unibertsitate munduko ikertzaileek publikatzen dute, gehien bat, argitalpenean. Hala ere, aldizkarian argitaratzeko artikulu zientifikoek "prozesu bat" pasa behar dute. Hortaz, bi adituk egilea nor den jakin gabe testua errebisatzen dute eta horiek oniritzia ematen dute. "Artikulu zientifikoek eta aldizkari zientifikoek horrela funtzionatzen dute". Hala ere, aldizkaria "izugarri internazionala eta handia ez izanik" prozesua nahiko azkar egiten dutela esan du Santaziliak; urtebete inguru. "Aldizkari handietan, internazionaletan, hiru urte pasa daitezke artikulua publikatua ikusi arte".

Fontes Linguae Vasconum euskal hizkuntzalaritzan erreferentziazko aldizkari bilakatu da. Nazioartean ezagutzen dutela esan du argitalpenaren zuzendariak, eta hizkuntzalaritzaren munduan oso ezaguna dela azaldu du. Urteurrenari begira, baina, "beste publikoa erakarri  nahi dugu". Horretarako, aldizkari zientifikoaren 50. urteurrena baliatu nahi dute. Hortaz, urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte. Alde batetik, Nazioarteko Jardunaldia antolatu dute martxoaren 6an eta 7an, Iruñeko Napi eraikinean. "Zientzia biltzar" honetan hizkuntzalaritza eta euskal filologiaren inguruko hainbat hitzaldi eta mintegi eginen dira. Gainera, euskararen eta euskal filologiaren historiaren inguruko erakusketa antolatu dute ere Nafarroako Artxibo Orokorrean. Erakusketa gaur mustuko dute, 12:00etan, eta martxoaren 31 arte zabalik egonen da.

Urteurren ospakizunak
Nazioarteko Jardunaldia "aukera polita da". Izan ere, Santaziliaren ustetan Nafarroan euskararen inguruan "sekula ez da horrelako gauzarik egin". Bi egun horietan, martxoaren 6an eta 7an,  hizkuntzalaritzaren eta filologiaren inguruan hitz eginen dute: "gure ikerketa zein den gizarteratu nahi dugu". Hortaz, Lyle Campbel hizkuntzalari estatubatuarra izanen da, Lola Pons espainolaren historian aditua eta "dibultzaile ona" Sevillako unibertsitatetik etorriko da eta EHUtik Joaquin Gorrochategi euskal filologiaren bilakaerari buruz hitz egiteko etorriko da. Gainera, bederatzi mintegi "tematikoak" antolatu dituzte: dialektologiaz, euskararen historiaz, sintaxiaz, literaturaz, didaktikaz, soziolinguistikaz... "Denetara 75 hizkuntzalari baino gehiago bilduko dira Iruñean, eta entzule gisa matrikulatu daiteke otsailaren 22ra arte". Urteurrenaren inguruko informazio guztia web-orri batean bildu dute, eta bertan ere jardunaldian izena eman daiteke: http://www.fontes50.es/

Bestetik, aldizkari zientifikoaren urteurrena ospatzeko "erakusketa berezia" prestatu dute Nafarroako Artxibo Orokorrean: Paperezko altxorrak. "Dokumentu bat paper zahar bat izatetik izugarrizko balioa duen zerbait izatera pasatzen da. Hori ikerketak eta filologia lortzen du".  Egunero zabalik egonen da gaurtik hasi eta martxoaren 31 arte.

Erakusketa
Erakusketak aldizkariaren historia kontatzen du, baita euskal testu zaharrak erakutsiko ditu ere.  "Filologo batek, hizkuntzalari batek, testu zahar batean zer bilatzen duen erakutsiko dugu". Beste atal batean, Santaziliak azaltzen duenez, euskal testu zaharrenei eskaini diete. Gehienak XVI. mendetik aurrerakoak dira, baina badira Erdi Aroko bakan batzuk. Erakusketak galdu diren euskalkietan idatzitako testuekin jarraitzen du, eta beste atal batean euskara "bereziki aberats eta interesgarri" diren testuak agertzen dira. Amaitzeko, erlijiotik haratago idatzi diren testuak erakutsiko dituzte ere. "Egia esan euskaraz idazten ziren testu gehienak erlijioaren ingurukoak direla, baina horretaz gain badira ehuneko txiki bat beste gai batzuk tratatzen dituztenak".

Erakusketan ere Sakana egonen dela esan du Santaziliak, izan ere, euskara sailak egiten zituen azterketen hainbat diploma eta kartilla erakutsiko dituztela azaldu du: "Nafarroa osoan egiten ziren azterketak eta euskaraz bazekitenei diploma bat eta diru sari bat ematen zitzaien. Eta badakit Lakuntzako baten bat badirela". Gainera, diplomak emateko festa bat antolatzen zuten eta festa horietako argazkiak ere erakutsiko dituzte gaur hasiko den erakusketan.