Noainen, Lakuntzan, Japonian, Kolonbian eta Mexikon bere lanak erakutsi ondoren, Alvaro Mundiñano margolari etxarriarrak Barne Barnetik izenburua jarri dio Altsasun jarri duen erakusketari; “niretako barnetik ateratzen delako” pintura. Altsasuko kultur guneko erakusketa aretora sartzen denak tranpantojo edo begi-engainua opatuko du. Erakusketan dagoenaren aurkezpen modukoa da koadro hori, denetarik baitago nahastuta: paisaia, erretratua, natura hilak…
Mundiñanok margotzeko olioa erabiltzen du. Oinarri gisa egurra edo oihala erabiltzen ditu eta behin lana despedituta berniza ematen die, “bizitasuna lortzeko”. Aitortu digu egurrean margotzea oihalean margotzea baino zailagoa dela, “baina egurrean margoaren dirdira hobe ikusten da”. Tamaina ertain eta handiko koadroak dira ikusgai daudenak. “Txikiak ere baditut, baina ez ditut ekarri. Handiak hobe ikusten dira”.
Iortian hainbat serietako margolanak jarri ditu Mundiñanok ikusgai. Leonardo da Vinci koadroen errepikaren serie bat dago lehenik. Hala ere, errenazimenduko koadro ezagun horiekin jolas moduko bat egin du etxarriarrak, pertsonaiek eskutan elementu berri bat baitute beti. Sorta hori guztia pintura beltz akrilikoaren gainean margotua dago. “Beltzak arriskua du, akats gehienak ikusten dira, baina koadro hauek beltzean, niretako, hobe ikusten dira”. Amaren irudia tartekatu du sorta egin berrian. Migel Anjelek Kapera Sixtinoan margotutako bi irudien errepika ere ikusgai dago erakusketan. Erretratugintzan moldatzen dela esan digu etxarriarrak.
Sorta gehiago
Ardo botiletako kortxoak, frutak, liburuak… osagai dituzten natura hilak ere ikusgai jarri ditu Mundiñanok. “Klasiko-klasikoa bakarra dago. Kortxoen isla ispiluan oso ongi ikusten da, eta niretako polita da”. Sorta horretako koadroetan herrien edo pertsonen izenak irakurtzeko aukera dago. Loreontzi sorta bat ere badago ikusgai eta haietan hainbat mitologietako irudiak ikus daitezke. “Txinatarrak, politak direlako. Greziarrek mitologia handia dute eta ongi ikusten delako”. Liburuetatik ateratzen du sorta horretan margotzeko motiboak.
Etxean koadroak gordetzeko toki “dexente” ez duela eta begi-engainua diren koadroak horregatik egiten dituela esan digu, “denak koadro batean eta kitto”. Halako sorta batekin erakusketa jarriko du Iruñeko autobus geltoki zaharrean, apirila aldera. Iruñeko iturrien sorta bat ere jarri du ikusgai Mundiñanok. Denak etxe artean daude, Takonerako parkeko Gaiarreren oroigarria izan ezik. “Iturri desberdina da, arbolak eta, egun hartan oso ongi ikusten ziren”. Normalean ez du kalean zuzenean margotzen. Argazkiak egin, koadernoan marrak egin eta horrela moldatzen da Mundiñano paisaiak egiterakoan.
Etxarriko Materan borda eta uharka edota eliza ikusten den koadroetan elurra ageri da. Beste zenbaitetan ere. Neguan gaudelako aukeratu ditu Mundiñanok margolan horiek erakusketarako.
Sakanako hainbat puntutatik egindako Beriainen koadroak osatzen dute erakusketa, Arruazutik, Dorraotik, Lizarragabengotik edo Burundatik. Beti ere argi tonalitateak aldatuz.