Gerra zibilean emakumearen papera, izaera eta giro aztertuko ditu etxarriarrak.
1. Zergatik parte hartu zenuen? Horretan ibiltzen zara?
Lagun batek bidali zidan eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Aspaldi neukan burua memoria historikoa nondik lantzen den, ni feminista naizenez, askotan emakumeen testingantza eta genero ikuspegia ez zela txertatzen iruditzen zitzaidalako. Orduan, pentsatu nuen: animatu behar naiz.
2. Beka aurrekaria Altsasu institutuko proiektu bat da.
Sakanako guztiei egin diete, Irurtzun eta Arakil aldekoak izan ezik, gehienak Iruñeko institutura joaten direlako. Orain dela bost urte hasi ziren. Nire ilobari tokatu zitzaion. DBH 4. mailan egiten dute eta oso proiektu interesantea da. Historia irakasgaian, Ande Leon irakasleak bultzatuta, galdera batzuetan oinarrituta aiton-amoninei elkarrizketak egiteaz datza proiektua. Belaunaldiartekoa da, eta oso interesantea da. Gainera, askotan bilobei kontatzen zieten seme-alabei kontatzen ez dieten gauzak, eta ilobak aiton-aminen historiaz jabetzen dira.
3. Noizko garaia jorratzen da?
Berez frankismo garaiko galderak dira. Baina, gerra zibileko galdera batzuk ere egiten dituzte. Aisialdia, nola sortzen ziren bikote harremanak, eliza, politika, giroa, etxeko lanak nola banatzen ziren, zertan jolasten ziren... oso zabalak dira. Oso galdera interesgarriak dira, egia esan. 300 elkarrizketa inguru daude. Joan nintzenean izutu nintzen.
4. Hori dena transkribatuta dago. Nola jaso duzu txostenean?
Lan handia egin dute. Elkarrizketak transkribatuta daude eta lan bakoitzak CD bat dauka. Horren digitalizazioa erdi galdu egin omen da, eta horrek erraztuko zuen urteen araberako elkarrizketa topatzeko. Asko daude eta irakurtzen hasten naiz eta oso interesgarriak dira. Baina gai batean enfokatu beharra daukat. Nik gerra zibilean enfokatu dut, gerra zibileko testigantzak, orduan 1929an baino lehen jaiotako aiton-aminen eta pertsonak, osabaren baten bate ere dagoelako, bilatzen ditut. Ikasleen arabera ikusten da batzuk txukunagoak direla eta beste batzuk... Baina oso lan polita egin dute.
5. Zein da zure proposamena? Aurkeztu duzuna?
Nik ez dut inoiz ikerketarik egin. Niretako dena zen berria. Proposatu dut genero ikuspegia ikertzea. Sakondu daiteke, gerra zibilean pila bat sakondu daitekeelako. Baina nire asmoa da orain hartu ditudan elkarrizketa horietan genero ikuspegitik zer dagoen aztertu: nola bizi ziren, zer pentsamendu zituen, testigantzak... nire asmoa da informazio hori elkarrizketa batzuekin osatzea. Izan daiteke egin ez zaien, baina niretako interesgarria izan daiteken testigantzak: ile moztutako emakume bat... Memoria historikoko Sakanako taldeekin elkartu nahi dut ere, oso lan ona egin dutelako; baita gerra zibilaz gahiago dakien jendearekin elkartu nahi dut ere. Denbora ematen badu artxiboetara jo nahi dut.
6. Artxiboak aipatzen dituzunean, Sakanako artxiboez ari zara?
Sakanakoak, bai. Begiratzen hasi naiz, eta genero ikuspegia oso zabala da. Egia da ikerketa txukun-txukun bat egiteko bost hilabetetan... ni ailegatzen naiz ailegatzen naizeneraino. Egongo zen ongi beste urte batean beste beka bat sortu gehiago sakontzeko. Memoria historikoan genero ikuspegiaren inguruan Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin.
7. Ilbeltzean hasi zinen?
Bai. Leitzen hasi naiz eta oso interesgarria da. Kokatzen ari naiz. Garbi neukan ikuspuntu hori nahi nuela: zer rolak zegozkien-eta. Gaur egun ez da iguala emakume edo gizon izan, pentsa gerra zibilean. Eta bai horrekin igual ez dira hainbeste gauza arakatzen. Atzo leitu nuen testigantza bat, soldadu egondako Lakuntzako gizon batek kontatzen zuen haurrak zituzten emakumeek gosea zutela, eta ez zuen garbi esaten, baina antzematen da sexu harremanak eskaintzen zituztela jateko. Horretaz ez da asko hitz egiten. Elizaren eraginaz ere ohartu naiz. Emakumeak ez ziren bakarrik tabernara joan eta izen txarra ez hartzeko. Karga bat da hori. Gauza horiek interesatzen zaizkit. Ideologiaren arabera emakumeei eskatzen zitzaiena ikertzea ere gustatuko litzaidake: bando falangistetan zer zen emakume ona izatea, bando errepublikanoan, agian hor haustura batzuk egon zirela...
8. Zein hizkuntzatan daude elkarrizketa?
Euskaraz asko daude. Gainera, oso polita da euskalkietan daudelako, Arbizuko euskara... Baztanen jaiotakoak eta Altsasura bizitzera etorritakoak, franksimo garaian Extremaduratik etorritako aiton-aminak... Ni ari naiz transkripzioa irakurtzen.
9. Ondorio batzuk atera beharko dituzu eta udalean aurkeztu?
Bai, niri eskatu didate bi hilabetetan zirriborro moduko bat aurkeztu behar dudala, eta, gero, bost hilabeteetan ondorio orokorrak aurkeztu behar ditudala. Lan hori udaletxean geldituko da. Irakaslearekin hitz egin nuen eta esan zidan pozten zela beka xume honek bizitasuna eman diolako jasotako testigantzei.
10. Historia ikasten ari den jendearekin elkartzen ari zara?
Zerrenda bat daukat. Etxarri Aranatzen bertan Xapa daukagu eta memoria historiko taldeetan dabil jendearekin elkartzea ere da nire asmoa. Nik historia ez dakit, baina historia ikertzen duen jende askoz gehiago dago.
11. Izango dira jaso ez diren testigantzak ere.
Herrian testigantzaren baten berri baldin badute, ilea moztu zitzaion emakumea edo aipatzen ez diren istorioak, eskertuko nuke asko nirekin harremanetan jartzea. Interesgarria da ikuspegi hori zabaltzea. Min asko eta zauri asko eogn da, eta batzuk beldurra ere izan dute eta ez dute hitz egin nahi. Baina eskertuko nuke baten bat baldi badago prest.