Mank-ek aukeratu du hondakin teknikaria

Guaixe 2019ko ots. 19a, 09:06

Arbizun dagoen hondakindegiko ikuspegia.

Hondakinen kudeaketa egokiaren inguruko makina bat egiteko ditu.

Sakanako Mankomunitateak oposizio bidez hondakin teknikaria kontratatzeko deialdia egin zuen joan den urtean. Hautaketa prozesua despedituta Sakanako Mankomunitateak Olatz Garde Mazkiaran izendatu du hondakin teknikari lanpostua betetzeko, B mailako lanpostua. Bere egitekoen artean daude, besteak beste: ingurumenaren arloko sentsibilizazio kanpainak egitea; Nafarroako Hondakinen Partzuergoko batzorde teknikoan parte hartzea, herrietako bilguneen kalitateari buruzko kudeaketa-adierazleei jarraipena egitea; Arbizuko hondakindegiko instalazioak ikuskatzea; garbiguneak, larrialdiko etxolak eta ekarpen eremuak ikuskatzea eta Hiri Hondakinen Zerbitzuko erabiltzaileen erreklamazioen kudeaketa koordinatzea.

Beste eginkizun batzuk ere baditu hondakin teknikariak: hondakindegian sartzen diren hondakinak ikuskatzea eta bertara bota daitezkeen hondakinen gaineko zalantzei erantzuna ematea; kudeaketa eta kalitateari buruzko sistemaren dokumentazioa; hierarkiako nagusien aginduak betetzea eta Hondakin Zerbitzuko lantaldea koordinatzea; indarrean dagoen Ingurumen Baimen Integratua betetzen dela gainbegiratzea; erabiltzaileek Hiri Hondakin Solidoen gaineko Ordenantza betetzen dutela zaintzea eta Mankomunitateko organo eskudunei egindako arau hausteen berri ematea edota erabiltzaileei egindako gogobetetze inkestak koordinatzea.