Antolatzaileek bukatu berritan jakinarazi zuten “jarraipena izango duen ariketa” izanen zela eta berriki argitu dute Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko udatzenean izanen dela. Joan den urtean bezala herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragin nahiko du Euskaraldiak ahobizi eta belarriprest rolen bitartez. Euskararen erabilera handitzea baita helburu. Baina, horrekin batera, era guztietako entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatu nahi ditu. Horregatik, bigarren edizioan Euskaraldiak ere erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileengana joko du, konpromiso zehatzak hartuko eta gauzatuko dituzten entitateengana.
Bigarren Euskaraldiaren antolakuntzan ari direnek argi dute “hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dela. Berriro ere ahobizi edo belarriprest modura jokatzeko gonbidapen bateratua eginen dugu, euskararendako harreman eta eremu berriak irabazten jarraitzeko”. Beraz, urte eta erdi barru, atzera ere, paparrean, poltsa edo zapietan txapak ikusiko ditugu. Euskaraldiaren sustatzaileek herrietako batzordeak aurten bertan aktibatu nahi dituzte. Bestalde, aurreko edizioko parte-hartzaileek martxoan jasoko dute Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren azken galdeketa. Euskaraldiaren eraginaren inguruko emaitzak udarako izanen dira.
Aurrenekoaren emaitza
Azaroaren 23a eta abenduaren 3a artean 225.154 euskal herritarrek, 22.334 nafarrek eta 2.609 sakandarrek parte hartu zuten Euskaraldian. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Euskaraldiaren antolatzaileen enkarguz Euskaraldiko parte-hartzaileen datuen azterketa egin du.
Irintarrak Euskaraldian.
Euskaraldia. Herriz Herriko datuak
Euskaraldiko parte-hartzaile kopurua | |||||
Eremua | Guztira | Ahobizi | % | Belarriprest | % |
Euskal Herria | 225.154 | 163.927 | 72,81 | 61.227 | 27,19 |
Nafarroa | 22.334 | 16.007 | 71,67 | 6.327 | 28,33 |
Sakana | 2.609 | 2.078 | 79,65 | 531 | 20,35 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Zenbakiei erreparatuta Gipuzkoakoak (96.522) eta Bizkaikoak (80.036) ziren gehienak. Nafarroa hirugarren lurraldea zen (22.334). Sakanan 2.609 parte-hartzaile izan ziren, Euskaraldiko parte-hartzaile nafarren % 11,68. Euskaraldian hamar sakandarretik batek parte hartu zuten (%12,92) Gaindegiak Euskal Herria 52 eskualdeetan banatu du eta kopuruari dagokionez, parte-hartze handiena duten eskualdeen artean Sakana 18. da.
Herriz herri
Euskaraldia. Herriz Herriko datuak | |||||||
Herria | Parte-hartzaileak | Ahobiziak | % | Belarriprestak | % | Biztanleria | Parte-hartzea % |
Irurtzun* | 325 | 238 | 73,2 | 87 | 26,8 | 3.158 | 10,29 |
Uharte Arakil* | 93 | 77 | 82,8 | 16 | 17,2 | 981 | 9,48 |
Arruazu | 50 | 39 | 78,0 | 11 | 22,0 | 106 | 47,17 |
Lakuntza | 285 | 220 | 77,2 | 65 | 22,8 | 1.272 | 22,41 |
Arbizu* | 310 | 279 | 90,0 | 31 | 10,0 | 1.508 | 20,56 |
Etxarri-Aranatz | 428 | 383 | 89,5 | 45 | 10,5 | 2.503 | 17,10 |
Bakaiku* | 103 | 78 | 75,7 | 25 | 24,3 | 727 | 14,17 |
Urdiain | 130 | 112 | 86,2 | 18 | 13,8 | 675 | 19,26 |
Altsasu | 696 | 514 | 73,9 | 182 | 26,1 | 7.407 | 9,40 |
Olatzagutia* | 189 | 138 | 73,0 | 51 | 27,0 | 1.858 | 10,17 |
Guztira | 2.609 | 2.078 | 79,65 | 531 | 20,35 | 20.195 | 12,92 |
Oharra: Arakil, Irañeta, Ergoiena, Iturmendi eta Ziordikoak beste herrietan daude sartuta. | |||||||
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia. |
Euskal Herriko herrialde eta eskualde batetik bestera aldea dagoen moduan, Sakanako herriei erreparatuta ere aldeak ikusten dira. Euskararen ezagutza handien duten herrietan Euskaraldiak oihartzun handiagoa izan zuen. Eta alde handiz, Arruazun, arbazuarren ia erdiak parte hartu baitzuen. Arruazuren pareko euskara ezagutza, edo handiagoa duten herrietan (Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Urdiainen) parte-hartzea % 17 eta % 20 artekoa izan zen. Hizkuntzaren ezagutza txikiagoa duen Lakuntzak hiru herri horiek baino parte-hartze handiagoa izan zuen. Euskararen ezagutzan antzeko kopuruak izanen dituzten Irurtzun, Uharte Arakil, Altsasu eta Olatzagutian pareko kopuruak zituzten.
Euskaraldiko parte-hartze datuek lurralde desoreka erakusten dute. Ibarreko Euskaraldiko parte-hartzaile portzentaia handienak Sakana erdialdeko eta Burunda ekialdeko herrietan pilatu ziren. Sakanako % 12,92ko bataz bestekoaren azpitik lau herri zeuden (Irurtzun, Uharte Arakil, Altsasu eta Olatzagutia), aldea txikia bazen ere. Hala ere, biztanleriaren pisua agerian gelditu zen, izan ere, ibarreko muturretako herriek eta erdialdekoek parte-hartzaile kopuru bera eman zioten Euskaraldiari: 1.303 eta 1.306. Datu horrek erakusten du euskararen ezagutza handiagoa den herrietan Euskaraldiak ez zituela euskaldun asko erakarri, bai, ordea, erdaldunagoak diren herrietan. Beste datu aipagarri bat da mila pertsonatik beherako herrietan parte hartzea Sakanakoaren bataz bestekoa baino handiagoa izan zela, Uharte Arakilen salbu.
Rolen banaketa
Euskaraldiko parte-hartzaileak rolen arabera | ||
Eremua | Ahobizi | Belarriprest |
Euskal Herria | 72,81 | 27,19 |
Nafarroa | 71,67 | 28,33 |
Sakana | 79,65 | 20,35 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Euskararen erabilera sustatzeko ariketako rolen banaketari dagokionez, Euskal Herrian ia lau parte-hartzaileetatik hiru ahobizi izan da. Nafarroan kopurua pixka bat txikiagoa izan da, hamarretik zazpi. Eta Sakanan, azkenik, ahobiziak parte-hartzaileen % 79,65 izan ziren (2.078), Euskal Herriko (%72,8) eta Nafarroako (% 71,7) kopuruaren gainetik. Ahobizi proportzio handien izan duten eskualdeen artean 12. izan da ibarra. Belarriprest kopurua % 20,35 izan da (531 belarriprest eta 38. postua). Hau da, Sakanako bost parte-hartzailetako lau ahobizi izan ziren eta bakarra belarriprest.
Adina
Euskaraldiko parte-hartzaileen adina | |||||
Eremua | 16-29 | 30-44 | 45-59 | 60-74 | 75 eta gehiago |
Euskal Herria | 23,7 | 36,9 | 27,6 | 10,2 | 1,6 |
Nafarroa | 27,5 | 37,7 | 24,4 | 9,7 | 0,8 |
Sakana | 24,4 | 38,7 | 23,8 | 11,9 | 1,3 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Euskaraldiko parte-hartzaileen adinari erreparatuta, datuak aztertuta, Gaindegiatik adierazi dute Euskaraldian “30 eta 44 urte bitarteko belaunaldiaren ekarpenak berebiziko garrantzia” izan zuela, “ugalkortasun handiko belaunaldia izanda, fenomenoak arreta eta analisi sakonagoa merezi du”. Nafarroa eta Sakana Euskal Herriko bataz bestekoaren gainetik kokatu dira adin tarte horretan.
Parte-hartze portzentaje handiena duen hurrengo adin tarteari, gazteenenari, 14,3 puntuko aldea atera zion. Gazteen artean askoz ere euskara ezagutza maila handiagoa badago ere, ez zuten Euskaraldian parte hartzeko pausoa eman. Are gehiago, haietako askoren gurasoak izan daitezkeenen 45-60 arteko adin tartekoen parte-hartze maila soilik 0,6 puntu txikiagoa izan zen. Nahiz eta adin tarte-horretan hizkuntzaren ezagutza maila gazteena baino txikiagoa den Euskaraldian parte hartzera gehiago animatu ziren.
Sakanako 16 eta 44 urte artekoen parte hartze datuak batuta, hamarretik sei ziren (% 63,1). Adin tartea 16tik 60 urtera luzatzen badugu, hamarretik zortzira pasa ziren (%86,9). Azken datu horrek agerian uzten du adinduenen artean Euskaraldiak jarraipen eskasagoa izan zuela.
Gaindegiak eskualdeka antolatutako zerrendari erreparatuta, 16 eta 29 urte artekoen presentzia handieneko eskualdeen rankingean Sakana 23. postuan zegoen. Ibarra 20. zen 30 eta 44 urtekoen presentzia handieneko eskualdeen artean. Hurrengo adin tartean, 45-59 urte, 35. eskualdea zen. Bestetik, 60 eta 74 urtekoen adin tartean 15. eskualdea ibarra. Eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen presentzia handieneko eskualdeen zerrendan Sakana 20. izan zen.
Generoa
Euskaraldiko parte-hartzaileen generoa | |||
Eremua | Emakumezkoa | Gizonezkoa | Ez binarioa |
Euskal Herria | 62,2 | 37 | 0,9 |
Nafarroa | 60,2 | 38,9 | 0,9 |
Sakana | 61,7 | 37,7 | 0,6 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Generoari erreparatuta, Euskaraldian “emakumezkoen parte-hartzeak berebiziko garrantzia izan du, batik bat 60 urtetik beherako belaunaldietan. Emakumezkoen nagusitasuna nahiko homogeneoa izan da lurralde osoan”. Euskaraldiko hiru parte hartzaileetatik bi emakumezkoak izan ziren eta bakarra gizonezkoa. Kaleko neurketek ere emakumeen hizkuntza erabilera pitte bat handigoa dela erakutsi dute. Sakanak Euskal Herriaren pareko datuak ditu. Gizonezkoek emakumezkoen pareko parte hartzea balute 2.020ko Euskaraldian Sakanan 3.220 parte-hartzaile lirateke, ibarreko populazioaren % 15,94 (3,02 puntuko igoera). Gaindegiak egindako eskualdeen araberako zerrendari erreparatuta Sakanako emakumezkoen parte hartzea 17. zen eta gizonezkoena 37.
Euskaraldiaren hedadura biztanlerian
Euskaraldiaren hedadura biztanlerian | |||
Eremua | Euskaraldiarena | Ahobiziena | Belarriprestena |
Euskal Herria | 8,5 | 6,2 | 2,3 |
Nafarroa | 4,2 | 3 | 1,2 |
Sakana | 15,4 | 12,3 | 3,1 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Gaindegiatik jakinarazi dutenez, 16 urtetik gorako euskal herritarren % 8,5ak parte-hartu zuen Euskaraldian. Baina lurraldeka eta eskualdeka “ekimenak hedadura oso heterogeneoa izan du”. Gipuzkoa nabarmendu zen Euskal Herriko parte-hartze kopurua ia bikoiztuz (% 15,9). Nafarroan, berriz, Euskaraldiko parte-hartze maila Euskal Herrikoaren erdia izan zen (% 4,2). Sakandarren parte-hartzeari dagokionez, % 15,4koa izan zen eta kopuru horrek parte-hartze handieneko eskualdeen zerrendan 12. postuan utzi zuen ibarra.
Belaunaldikako parte-hartzea
Euskaraldiaren hedadura belaunaldika | |||
Eremua | 16-44 | 45-59 | 60 eta gehiago |
Euskal Herria | 12,7 | 8,7 | 3,1 |
Nafarroa | 6,3 | 3,8 | 1,4 |
Sakana | 23,9 | 13,3 | 6,4 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Parametro horri ere erreparatu dio Gaindegiak. Euskararen erabilera handitzeko ariketa kolektiboan, orokorrean, 16 eta 44 urte arteko biztanleriarengan izandako hedadura azpimarratu dute Gaindegiatik. Adin tarte horretan hedadura handieneko eskualdeen artean Sakana 14. izan zen (% 23,9). 45 eta 59 urtekoen arteko hedadura handieneko eskualdeen zerrendan Sakana 15. postua lortu zuen (% 13,3) eta, azkenik, 60 urtetik gorakoen artean hedadura handieneko eskualdeetan Sakana 12. izan zen (% 6,4).
Generoen araberako hedadura
Euskaraldiaren hedadura generoka | ||
Eremua | Emakumezkoak | Gizonezkoak |
Euskal Herria | 10,2 | 6,5 |
Nafarroa | 4,9 | 3,3 |
Sakana | 19,5 | 11,3 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Euskaraldiak generoen arabera izandako hedadurari dagokionez, “biztanleriarekiko proportzioan ekimenaren hedadura-maila handiagoa izan zen emakumezkoen artean. Hedadura-mailaren gaineko genero diferentzia handienak, hain zuzen ere, ekimenak hedadura handieneko eskualdeetan daude”. Emakumezkoen artean ekimenaren hedadura-maila % 10,2koa izan zen eta gizonezkoen artean, % 6,5. Ez-binariotzat 1.927 pertsonek jo zuten euren burua.
Sakanari dagokionez, generoari erreparatuta biztanleriaren gaineko hedadura handieneko eskualdeen artean, bai emakumezkoetan (% 19,5), bai gizonezkoetan (% 11,3) ibarra 13. postuan dago.
Euskaraldiaren hedadura euskal hiztunengan
Euskaraldiaren hedadura euskal hiztunengan | |||
Eremua | Euskaraldiarena | Ahobiziena | Belarriprestena |
Euskal Herria | 14,7 | 10,7 | 4 |
Nafarroa | 14,7 | 10,6 | 4,2 |
Sakana | 17,8 | 14,2 | 3,6 |
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Gaindegiak jakinarazi duenez, euskal hiztun guztien % 14,7k parte hartu zuen Euskaraldian. Ariketa kolektiboko parte-hartze maila tokiko euskal hiztunekin alderatuz, Euskaraldiak hedadura heterogeneoa izan zuen eskualdeetan. Euskal hiztunen parte-hartze maila handiena Gipuzkoan izan zen (% 19). Nafarroak Euskal Herriaren datu bera izan zuen, % 14,7.
Eta Sakanari dagokionez, ibarreko euskaldunen % 17,8k jarrera aktiboa izan zuen Euskaraldian, parte-hartze handieneko eskualdeen zerrendan Sakana 17. postuan kokatuz. Sakanako ahobiziek ibarreko euskal hiztunengan izandako hedadurak (% 14,2) 18. postuan utzi zuen eskualdea. Eta belarripresten hedadurak (% 3,6) Gaindegiaren zerrendan 39. postuan kokatu zuen Sakana.
Euskaraldiaren erdal hiztunen gaineko hedadura
Euskaraldiaren erdal hiztunen gaineko hedadura | |||
Eremua | % | ||
Euskal Herria | 15,1 | ||
Nafarroa | 4,8 | ||
Sakana | 49,6 | ||
Iturria: Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia |
Euskaraldiak erdal hiztunen komunitatean eragina izan zuen eta hori neurtzeko Gaindegiak ariketako parte-hartzaile kopurua erdal hiztunekin alderatu du. Eragin handiena Gipuzkoan izan zen, % 52. Euskal Herrikoa % 15,1 eta Nafarroakoa % 4,8koa. Sakanako erdal hiztunen % 49,6ri eragin zien Euskaraldiak. Erdal hiztunen gaineko hedadura handieneko eskualdeen artean Sakana 11. postuan zen.