Guaixeren erakusketa ibiltari eta parte-hartzailea martxan

Guaixe 2019ko ots. 18a, 15:43
Urdiaingo liburutegian jarritako erakusketan Guaixe hilabetearen eta Oixe astekariaren aleak kontsultatu daitezke.

Urdiaingo liburutegitik pasatzen direnak ale zaharrak ttuttukatu eta argazkiak egiteko aukera izanen dute-

Urdiaingo udal liburutegia da Guaixeren hemeroteka erakusten duen erakusketaren aurreneko geldialdia, astelehenaz geroztik eta hilaren 22ra arte handik pasatzen direnak Guaixe hilabetekariaren (1994-2003) eta Oixe astekariaren (2001-2003) aleak ttuttukatzeko aukera izanen dute. Argitalpenen orriak pasaz, erakusketako bisitariak jabetuko dira batzen gaituena euskara, Sakana eta Guaixe bera direla.

Erakusketa hartzen duen standean esertzen denak Guaixe eta Oixe zaharrak begiratzean bere burua, edo etxekoren bat topatu dezake. Hala bada, Guaixe fundaziotik zera proposatzen diogu: harekin argazkia egitea eta sare sozialetan argazkia #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabiliz  partekatzea. Photocalla egiteko markoa ere badago standean eta nahi duenak harekin argazkia egiteko aukera du. Azken horiendako eskaera bera egiten dugu, sare sozialetan aipatutako traolekin partekatzea. Argazki xalxeroaren egileari pertsonalizatutako Guaixe astekariaren azal bat oparituko dio fundazioak.

Urteurreneko erakusketa herriz herri ibili behar denez, standean dauden aleak bertan uztea eskatzen diegu bisitariei, Sakanan barna ibilbide luzea egin behar baitu. Bakarren batek arrazoi bereziren batengatik erakusketako aleren bat berarendako nahiko balu, admin@guaixe.eus e-posta helbidera eskaera idaztea besterik ez du. Artxiboan begiratu eta baldin badago, aipatutako alea oparituko dio fundazioak. Trukean alearekin agertzen den bere argazkia sare sozialen batean partekatzea eskertuko genioke.

Erakusketaren egutegia
Liburutegia   Data
Urdiain         Otsailak 11-22
Ziordia          Otsailak 25-Martxoak 7
Altsasu         Martxoak 11-29
Arbizu          Apirilak 1-17