Bost sindikatuk AHTren kontrako kontzentraziora deitu dute

Guaixe 2019ko ots. 16a, 09:52
AHTren kontrako bizikleta martxa bat.

Gaur, 17:00etan, Tafallako tren geltoki parean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute ELAk, LABek, CGTk, ESTILASek eta ESK-k.

Bost sindikatuek Tafallako biharko kontzentraziora deitzearekin batera, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren kontra “eginen duen bide komun bat osatzeko bultzada ematea eta nafarren borondatea errespetatuko duen alternatiba bat eraikitzeko konpromisoa hartu dute”. ELAk, LABek, CGTk, STEILASek eta ESK-k AHT egitasmoaren kontrako “aurkakotasun irmoa” adierazi dute. Euren iritziz, “aldaketaren gobernuak ezin du AHT ezinbesteko proiektutzat hartu. Gizarte kohesioaren kontra doan, ingurumenaren eta bioaniztasunari konponezinezko kaltea sortzen dion diru xahutzea da”.

Tafallako deialdiarekin bat egin duten sindikatuetako kideen ustez, “proiektatutako azpiegitura zentzugabekeria izateaz aparte, diru eta energia xahutzea da”. Boskoteak gaineratu duenez, “gero eta gehiago dira garapen basati horren kontra egiten dutenak, populazio guztiaren baliabideak agortzen ditu soilik pagatu dezaketenei zerbitzua emateko. Klima aldaketa eta petrolioaren agortzearen testuinguruan behar dugun jasangarritasunetik urrun dagoen proiektua da AHT”.

ELAk, LABek, CGTk, STEILASek eta ESK-k gogora ekarri dute Europako Kontu Auzitegiak joan den urteko txostenean jasotakoa: “Europako Abiadura Handiko Sarea zatikatutako sistema ez eraginkorra da, proiektatu den toki askotan beharrezkoa ez dena. Aitortzen du hobe dela egun dauden trenbideak hobetzea aurreikuspenak beteko ez dituzten abiadura handiko trenbideak egitea baino eta jakinarazten du kasu batzuetan inbertitutako 369 milioiko minutu bat aurrezten dela”.

Sindikatuen ustez bestelako lehentasunak daude: “hezkuntza eta osasun arloko murrizketak kentzea, migratzaileei harrera egokia egiteko edo pentsioak ordaintzeko baliabideak behar dira. Gutxi batzuek minutu batzuk lehenago iristeko milioiak gastatzea lizuna dela iruditzen zaigu”. Heldu den urtean abiadura handiko eta distantzia luzeko trenen liberalizazioa etorriko dela eta sindikatuen iritziz “guztion diruarekin trenbideak ordaintzen dira enpresa pribatuek negozioa egin dezaten”.