Iturmendiko plazan 149 zifra eta plus ikurra idatzita. Eta haien barruan beste horren beste sakandarren izenak idatzita. Horrela bukatu zuen plazak Sortuk deituta tortura salatzeko egindako ekitaldiaren ondoren. Sakanako Sortuko koordinatzaile Unai Razkinek azaldu digunez, “tortura ikustarazi nahi ez duten errealitate bat da. Modu kontziente batean ilunpean izan dutelako. Gure asmoa da tortura kasu horiek guztiak argitara ateratzea”. Razkinek gaineratu zuenez, gizarteak tortura kasuen berri izatea beharrezkoa da: “aitortza ematea, ez errepikatzeko bermeak egotea berriro gertatu ez daitezen”.
Gogorarazi zuen Sakanan 149 tortura kasu dituztela erregistratuta. “Kasu asko dira”. Inpunitatearekin bukatzeko eskatu du Sortuko kideak: “Espainiako estatuak erabili duen metodo bat da, bai euskal gizartearen, disidentzia politikoaren eta ezker abertzalearen kontra oro har. Inpunitatea badago: ez dago zigorrik, ez dago ikerketarik, gaur egun ez dakigu zenbat diren, zer gertatu den… Guztia argitara atera behar dugu”. Razkinek Espainiako estatuari eskatu dio “aitortzeko berak Euskal Herriarekiko eragindako min guztia”. Bestetik, Nafarroako Gobernuari “torturaren errealitatea ikertzeko lehenbailehen ikerketa martxan jarri dezala, bai Sakanakoa, bai Nafarroakoa”. Larunbateko ekitaldia urrundik zaindu zuen Guardia Civilak.
Lekukotza
Tortura pairatu zuen emakumezko batek hitza hartu zuen ekitaldian. Esan zuenez, bizitako tortura “norbaitekin konpartitzen dugunean, gure baitan ezkutatutakoak erakusteak ez du iragana aldatzen, ez du gertatutakoa samurtzen, baina oraina zein etorkizunari indar berrituaz ekiteko indarra eman dezake, oraina aldatzekoa, etorkizuna hobetzekoa”. Tortura “ahanzturan erortzeko arriskua” dagoela gaztigatu zuen.
Sakanako tortura kasuan urte batean 117 izatetik 149 izatera pasa direla gaztigatu zuen. “Ez da samurra norberaren dramak, lotsak eta beldurrak kontatzea. Horregatik, babestu behar ditugu, zaindu behar ditugu orain arte salatzera ausartu direnak eta are gehiago arrazoi desberdinengatik urrats hori eman ez dutenak”. Aldi berean, “zauriak itxi eta orbanak sendatzeko” torturari argia eman behar zaiola nabarmendu zuen.