Binakakoa gori gorian

Guaixe 2019ko ots. 18a, 11:01
Argazkia: Iñigo Royo.

Zabaleta finalerdietarako sailkatu da, Ezkurdia kanpo geratu da eta sailkatu ahal izateko Martijak azken jardunaldian irabazi beharko du eta karanbolen zain geratu

Binakako Pilota Txapelketan emozioak azken unera arte iraungo du. Asteburuan txapelketako hasierako ligaxkako 13. jardunaldia jokatu zen eta bi biko sailkatu ziren finalerdietarako: Irribarria-Zabaleta eta Olaizola II.a-Albisu. Ezkurdiak eta Galarzak sekulako partida egin zuten eta garaipen bikaina lortu zuten Labriten, Bengoetxea VI.a eta Imaz 14 tantotan utzita, baina dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Elezkanok eta Rezustak Olaizola ordezkatu zuen Victorren eta Albisuren kontra galdu zutenez –17 eta 22–, arbizuarra eta baraibardarra Binakakoan aurrera egiteko aukerarik gabe geratu dira. Aldiz, gerra ematen jarraitzen dutenak Altuna III.a eta Martija dira. Euren arerio zuzenei, Artolari eta Mariezkurrena II.ari 22 eta 15 irabazi zieten atzo Tolosan eta orain bi bikoak 7 puntura berdinduta daude. Bietako nor pasako den finalera, hori da hurrengo asteko azken jardunaldian erabakiko dena.

Zabaleta, sailkatuta
Ostiralean Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren kontra aritu ziren Irribarria eta Zabaleta. Zortzigarren puntua lortu nahi zuten Etxarrengo atzelariak eta Aramako aurrelariak, behingoz Binakako finalerdietarako sailkatzeko. Hori eragotzi nahi zuten, aldiz, Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak. Partida lehiatua espero zen, baina Irribarriak eta Zabaletak ikusgarri jokatu zuten eta Urrutikoetxearen eta Aretxabaletaren gainetik pasa ziren. Aspekoek 6 tantotan utzi zituzten Baikokoak, partida ikusgarrian. Horrela, 8. puntua lortuta, Binakako finalerdietarako sailkatu dira Irribarria eta Zabaleta, merezimendu osoz.

Ezkurdiak irabazi, baina sailkatzeko aukera galdu
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Oinatz Bengoetxea eta Imaz izan zituzten aurkari larunbatean leporaino beteta zegoen Labriten. Dirua hasieratik atera zen Ezkurdiaren eta Galarzaren alde; izan ere, bikoak gaizki hasi zuten txapelketa, baina azken jardunalditan oso serio ibili dira, garaipen ederrak lortu dituzte eta egoerari buelta eman diote. Horrela, euren alde egiten zuten apustuek. Partida hasi eta gutxika, markagailuan aldea ateratzen hasi zen Aspeko bikoa.

Aipatzekoa da Ladis Galarzak atzeko koadroetan dominatu egin zuela. Baraibarkoak ez zuen apenas akatsik egin eta pilotakadak luzatu zituen. Horrela, aurrean mina egiteko aukera bikaina eman zion Ezkurdiari, arbizuarrak primeran aprobetxatu zuena. Horrekin batera, pilota txar ugari kendu zizkion Galarzari. Imazek ezer gutxi egin ahal izan zuen Galarzaren pilotakaden kontra eta, nahiz eta Bengoetxeak saiatu, 22 eta 14 gailendu ziren Galarza eta Ezkurdia. Bikoa joko onarekin dago eta hobeto elkar ulertzen du, baina, tamalez, nahiz eta 6. puntua lortu, finalerdietara sailkatzeko lehiatik kanpo geratu dira, Elezkano II.ak eta Rezustak bere partida galdu zutelako. Aspekoek Olaizola ordezkatu zuen Victor eta Albisu zituzten aurkari Sorian, eta Baikokoek 17 eta 22 irabazi zieten. Beraz, Labriten sekulako garaipena lortu eta gero, txapelketan aukerarik gabe geratu ziren Galarza eta Ezkurdia. Tamalez, euren hasiera txarraren ondoren etorritako erremontada, berandu etorri da.

Martijaren erremontada
Atzo jardunaldiko partida erabakigarriena jokatu zen Tolosan, Altuna III.a-Martijaren eta Artola-Mariezkurrena II.aren artekoa. Arerio zuzenak ziren biak, eta urrezko puntua zuten jokoan. Hasieran Artolak eta Mariezkurrena II.ak hartu zuten aurrea. Mariezkurrena bikain aritu zen eta hasiera horretan Martija goitik behera dominatu zuen; bide batez, Altuna partidatik kanpo mantendu zuten Baikokoek. Pilotek garrantzia asko izan zuten partidan, Baikokoendako bereziki. Markagailuan 9 eta 14 aurreratuak zeudenean, Artolak sakez falta egin zuen, Aspekoek pilota aldatu zuten eta erremontada bikaina egin zuten Altuna III.ak eta Martijak. Aurreko koadroetan Altuna III.a min asko egiten hasi zen, Martija atzean dominatzen hasi zen eta, 14 tantoko partzialarekin, azkenean 22 eta 15 irabazi zuten Altuna III.ak eta Martijak. Horrela, 7 puntutara berdinduta daude aipatu bi biko hauek eta Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldiak, 14.ak, erabakiko du euren arteko nor sailkatuko den finalerdietarako.

Altuna eta Martija sailkatzeko, zer?
Elezkano-Rezusta (9 puntu), Irribarria-Zabaleta (8 puntu) eta Olaizola II.a-Albisu (8 puntu) Binakako finalerdietarako sailkatuta daude. Altuna III.a-Martijak eta Artola-Mariezkurrenak 7na puntu dituzte eta euren artean erabakiko da nor sailkatuko den finalerdietarako. Atean geratu dira Ezkurdia-Galarza, 6 punturekin. Bengoetxea VI.a-Imazek 4 puntu dituzte eta Urrutikoetxea-Aretxabaletak 3 puntu.

Altuna III.a-Martija eta Artola-Mariezkurrena irabaztera behartuta daude. Ezkurdia eta Galarza dira Artola eta Mariezkurrenaren arerioak, eta arbizuarrak eta baraibardarrak euren taldekide eta lagunei faborea egiteko irabaztera aterako dira. Bestalde, Bengoetxea VI.a eta Imaz izango dituzte arerio Altunak eta Martijak eta kasu honetan ere Baikokoek euren taldekideak laguntzeko dena emango dute. Beraz, bi partida oso lehiatu espero dira. Altuna III.ak eta Martijak eta Artolak eta Mariezkurrenak euren bi partidak irabazten badituzte, berdinketaren kontuengatik Irribarria-Zabaletak eta Victor-Albisuk larunbatean Ataunen jokatutako partidak erabakiko du guztia. Irribarriak eta Zabaletak irabaziz gero, Artola eta Mariezkurrena sailkatuko lirateke finalerdietarako, eta Victorrek eta Albisuk irabaziz gero, Altuna III.ak eta Martijak eginen lukete aurrera. Beraz, azken jardunaldira arte emozioak pil-pil jarraituko du aurtengo Binakakoan.

Ligaxkako azken jardunaldia
Urrutikoetxea-Aretxabaleta / Elezkano II.a-Rezusta (ostiralean, Oñatin)
Ezkurdia-Ladis Galarza / Artola-Mariezkurrena II.a (larunbatean, Labriten. ETB1)
Victor-Albisu / Irribarria-Zabaleta (larunbatean, Ataunen)
Altuna III.a-Martija / Bengoetxea VI.a-Imaz (igandean, Atano III.ean. ETB1)