Erregional maila: Lagun Artea liderrak irabazi eta Altsasuk berdindu

Guaixe 2019ko ots. 18a, 13:35
Altsasuk bi jardunaldi ditu jokatzeko eta igoera faserako sailkatzeko irabazi beharrean dago.

Erregional maila. 21. jardunaldia. Lagun Artea 3 – Aurrera 1 / Altsasu 0 – Berriozar 0

Lagun Artea liderrak Leitzako Aurrera taldea hartu zuen igandean Zelai Berrin. Lakuntzarrek hainbat baja izan zituzten eta jubenilak aritu ziren haiek ordezkatzen, baina ez zen apenas nabaritu, Lagunek partida kontrolatu baitzuen. Lehen zatian nagusi izan ziren lakuntzarrak, eta Xabierrek eta Zubizarretak sartutako golei esker 2 eta 0 aurreratu ziren. Bigarren zatian leitzarrek gola sartu zuten eta markagailuan gerturatu ziren, baina Zabalok Lagunen hirugarren gola sartu zuen eta hiru puntuak etxean geratu ziren. Bide batez, igoera fasean sailkatzeko Altsasuk eta Aurrerak duten lehian faborea egin zieten lakuntzarrek altsasuarrei.

Altsasuk, aldiz, igoera postuetan sailkatzeko aukera ez zuen behar bezala aprobetxatu. Berriozar taldea hartu zuten altsasuarrek Dantzalekun, eta nahiz eta saiatu, baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan eta husnako berdinketarekin despeditu zen lehia.

Lagun Artea da erregional mailako liderra (54 puntu) eta Altsasu laugarrena da, 35 punturekin, momentuz igoera fasea jokatzeko postuetan. Asteburuan ligako azken jardunaldia jokatuko da. Sailkapenean zazpigarrena den Berriozar izango du aurkari Lagun Arteak Berriozarren, eta sailkapenean zortzigarrena den Beti Kozkor Altsasuk, Lekunberrin. Lagun Artea igoera faserako sailkatua dago, eta Altsasu, aldiz, irabazi beharrean dago sailkatu ahal izateko, elurrarengatik bertan behera geratu zen partida bat ere jokatzeke baitute altsasuarrek.