Erdialdea Trenaren Alde plataformak deituta 1.500 bat pertsonek kontzentrazioa egin zuten Tafallako tren geltoki parean larunbatean. Tren sozialaren alde! AHTrik ez! lelopean egin zen bilkuran atxikimendua azaldu zioten Sakanako 14 udaletako ordezkariak, baita Altsasuko zinegotzi batzuk ere. Deitzaileek gaztigatu zutenez, “herritarren tren bidezko garraioari konponbide erraza eta merkea eman dakioke”. Horretarako, gaur egungo trenbidea hobetzea eta harretara baliabideak bideratzearekin nahikoa dela azpimarratu zuten. Abiadura Handiko Trenean dirutza inbertitzen den bitartean jendeak gehien erabiltzen duen ohiko trenean ez dela inbertsiorik egiten gaztigatu zuten.
Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez plataformako ordezkari batek kontzentrazioaren akaberan hitza hartu zuen. Esan zuenez, “ezin dugu ahaztu suntsiketa proiektu hau, lurralde eta mugez gaindi, komuna dela. Beraz, herriak, eskualdeak, elkarteak eta kolektiboak elkartu beharra dugu, interes orokorrean pentsatzen ez eta gutxi batzuen alde egiten duten gobernuen aurrean borroka frontea eratuz”. Martxoaren 30ean Altsasun eta Maiatzaren 18an Gasteizen eginen diren manifestazioetan parte hartzera deitu zuen.