Altsasuko Copreci Duatloirako izena ematea zabalik

Guaixe 2019ko ots. 19a, 13:39
Aurreko urtean euriarekin eta hotzarekin jokatu zen Altsasuko Duatloia.

Martxoaren 23an jokatuko da proba eta martxoaren 19a baino lehen eman daiteke izena. Arbizuko Duatloia martxoaren 30ean jokatuko da.

Sakana Triatloi Taldeak, hainbat babesleren laguntzarekin, IX. Altsasuko Copreci Duatloia antolatu du martxoaren 23rako. Goizeko 10:30ean kategoria txikikoen probak jokatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak, Txioka ikastolako ingurunetan, aurre-benjaminen mailatik haurren mailara. Arratsaldean, aldiz, nagusien txanda izango da, sprint distantziako proban: emakumezkoak 15:45ean abiatuko dira Foru Plazatik, gizonezkoak 15:51ean eta erreleboak 15:52ean. Altsasun prestatutako zirkuituari bi buelta eman beharko dizkiote korrika (5 km), Iortia Kultur Guneko zabalgunean egongo den boxean bizikleta hartu eta 22 km-ko buelta egiteko, bukaeran, boxean bizikleta utzi eta zirkuituari korrika buelta bat emateko (2,5 km). Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartuko dute eta helduen distantzia bera egin beharko dute.

IX. Altsasuko Copreci Duatloian izena emateko epea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioan (www.navarratriatlon.com/inscripcion), “Competiciones” atalean, Altsasuko proba aukeratuta. Federatuek 22 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek, aldiz, 26 euro. Bestalde, kategoria txikikoek, NKJan ariko direnek, toki berberean eman behar dute izena, baina ez dute ordaindu beharko.

Arbizuko Duatloia, martxoaren 30ean
Altsasuko Duatloia jokatu eta aste batera, martxoaren 30ean, 16:00etan, Arbizuko Duatloia jokatuko da, Arbizuko Udalak hainbat babeslerekin antolatutakoa. Proba Nafarroako Duatloi Txapelketa izan behar zen, distantzia motzean, baina Arbizuko herri lanak direla eta, proba sprint distantzian jokatuko da eta, beraz, ezingo da Nafarroako Duatloi Motz Txapelketa izan. Aldi berean, obrak direla eta, kategoria txikiko proba ezingo dira jokatu. Izena ematea aurki zabalduko dute, www.rockthesport.com web orrian.