ELAk adinduen egoitzetako zaintzaile ratioak handitzea eskatu du

Guaixe 2019ko ots. 20a, 11:05
ELAko ordezkariak kanpainaren aurkezpenean.

Sindikatuak dio egoera “larria” dela. Pertsona bakoitzeko eguneko zaintza denbora bi ordukoa behar duela esan du, egun 88 minutukoa da.

ELAk “zainduak eta zaintzaileak zaintzeko” Nafarroako Gobernuari lau eskaera egin dizkio. Aurrena, “zaintzari merezi duen aitortza egin diezaio, horretarako behar diren baliabideak bideratuz”. Bigarrenik, “gizartean gero eta behar handiagoak diren heinean, ratioen legedia eta dekretuak berriztea eta egungo egoerara egokitzea”. Horrekin batera, sindikatuak eskatu du “ratioen eguneraketak prekarietatetik aldentzen den kalitatezko enplegua sortzea; lan baldintza duinak eta soldata arrakalaren egoera deuseztatuko duena”. ELAk Nafarroako Gobernuari egin dion azken eskaera da “menpekotasun egoeran dauden pertsona eta langileak zaintza sistemaren erdigunean jartzea”.

Zainduak diren pertsonak egunean gutxienez 2 orduz zainduta egon behar dutela diote ELAtik, bina gaur egun 88 minutu daudela zainduta adinduen egoitzetan. Aldarrikapen horrekin batera, erizaina eguneko 24 ordutan egotea nahi du. Baita garbitzaileen lana % 53 handitzea ere. Azkenik, egoitzetan dagoen 50 adinduko sukaldari bat egotea eskatu du sindikatuak.

Salaketa
Sindikatutik gaztigatu dutenez, “gizartea gero eta zaharragoa den heinean, gero eta gehiago dira menpekotasun egoeran dauden pertsonak, eta gero eta anitzagoak profilak. Ondorioz, beharrak ere handiagoak eta konplexuagoak dira”. Horregatik, ELAk adinduen egoitzetako zaintzaileen ratioak handitzeko eta lan baldintzak arautzeko kanpaina martxan jarri du. Izan ere, “adinekoen egoitzetako langileok egunero egin beharreko lan zama izugarri handia dela; baita horrek zaintzaren kalitatean duen eragin kaltegarria ere”. Alde batetik, “egoiliarrak zaintza duina jasotzeko behar duen dedikazioa eta kalitatea ez dira inondik inora bermatzen; ondorioz, bere oinarrizko premiak ase gabe geratzen dira”. Bestetik, “langileek pairatu behar duten lan kargek eta erlojuaren menpeko lan erritmo basatiek izugarrizko galerak eragiten dizkiete euren lanean eta osasunean”.

ELAko ordezkariek nabarmendu dutenez, “egungo zaintza sistema emakumeon esplotazio eta diskriminazioan oinarritzen den sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalaren ereduan oinarritzen da, bai lantokietan, baita etxean ere. Zoritxarrez, zaintzaren kalitatea, arreta eta denbora lausotuta geratzen dira, ia desagertu arte. Ondorioz, baita zaintza eta arreta behar duen pertsona ere”.