Duela bi aste, beste hainbat sakandar bezala, El Circo del Sol-en Toruk ikuskizuna ikusten egon nintzen ama eta ahizpekin. Aitortu beharra daukat ez zela nire egunik hoberena, ikuskizunean sartzea kostatu zitzaidalako, baina hala ere ikusi ditut ikuskizun hobeagoak.
Ez zen Cirque du Soleil-en ikusten nuen lehen ikuskizuna, hori izan daiteke hainbeste ez gustatu izanaren arrazoietako bat, baina inoiz haien ikuskizunik ikusi ez dutenekin hitz egin ondoren ere nire sentsazioaren antzekoarekin amaitu zutela konprobatu ahal izan dut egun hauetan.
El Circo del Sol-ek ikuskizun honetan zirkuz gutxi du, egia esan. Akrobazia gutxi eta aktoreak nahiko forzaturik iruditu zitzaizkidan. Egia esan, lehen aldiz ikusi nituenean “flipatu” egin nuen. Urte batzuk pasatu dira Bilbon lehen aldiz ikusi nituenetik. Liluraturik amaitu nuen. Karpa handia izanda ere, eszenatokitik orain baino askoz gertuago geunden. Ikuskizuna akrobaziaz beterik, zuzeneko musika, jantzi eta makillaje diseinu ikaragarria, eta zer esan eszenografia eta eszenaratzeaz. Ikuskizun borobila. Kalitate handikoa.
Ez dut esango oraingoak kalitaterik ez duenik izan, ezta gutxiago ere, baina ikuskizun artifizialagoa bihurtu dutela iruditzen zait.
Bilbon lehen aldiz ikusi eta bi urteetara gutxi gora behera berriro ikusi nituen. Egia esan bigarren aldi hartan ez zitzaidan hainbeste gustatu, suposatzen dut sorpresa puntu hori galdu nuelako. Baina hala ere, zuzeneko musika hark, makillajeak, jantziek, eszenografiak… berriro ere liluraturik utzi ninduten.
Oraingoan, berriz, hau guztia falta izan zait. Argi diseinuak eta bideo mapping-ek asko merezi izan zuten, argi dago teknologia garaian bizi garela, eta ni bereziki ez naiz oso erromantikoa atzera begiratzean eta analogikoan, baina gauza batzuek zuzenean beste dimentsio bat hartzen dute. Kaleko eraikin batean proiektatutako bideo mapping-ak maite ditudan bezala, zirkuan zuzenekoaren freskotasuna eta zaindutako eszenografia bat maite ditut baita ere.
Akrobaziak faltan bota nituen, adibidez, baita zuzeneko musika ere. Jantzi diseinua eta makillajea ez zeuden gaizki, baita eszenografiako elementu batzuk ere, baina egia esan behar badizuet ezin izan nituen asko preziatu, urruti xamar gelditzen baitziren eserlekuetatik.
Beraz… ikusi ditut hobeagoak.