Altunak eta Martijak finalerdietan egon nahi dute

Guaixe 2019ko ots. 21a, 10:06
Atzo materiala aukeratu zuten Ezkurdia-Galarzak eta Artola-Mariezkurrenak.

Altuna-Martijak edo Artola-Mariezkurrenak lortuko dute Binakako finalerdietarako sailkatzeko azken txartela. Biek irabazten badute, Victor-Albisuk eta Irribarria-Zabaletak jokatzen duten partidak erabakiko du

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkan azken unera arte iraungo du emozioak. Ligaxkako 14. eta azken jardunaldia jokatuko da asteburuan eta bertan erabakiko da zein bikok eskuratuko duen Binakako finalerdietarako sailkatzeko azken txartela, Altuna III.a-Martijak edo Artola-Mariezkurrena II.ak. Dagoeneko ondoko bikoak daude sailkatuta finalerdietarako: Elezkano eta Rezusta, Irribarria eta Zabaleta eta Olaizola ordezkatuko duen Victor eta Albisu.

Beraz, Binakako ligaxkako azken jardunaldian emozioa pil-pilean egongo da bukaeraraino. Ostiralean Urrutikoetxea-Aretxabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak Oñatin jokatuko dute partida (22:00etan, ETB1). Partida honetan ez dago ezer jokoan, sailkapeneko puntua baizik, Elezkano II.a eta Rezusta finalerdietarako sailkatuta baitaude (9 puntu) eta Urrutikoetxea eta Aretxabaleta aukerarik gabe daudelako (3 puntu). Gainera, partida honek ez du gainontzekoetan eragiten. Baina azkeneko partidetan puntuatu gabe egon eta gero, 10. puntua lortu nahi dute Elezkanok eta Rezustak, eta laugarrena Urrutik eta Aretxabaletak. Beraz, lehia, egon, egongo da.

Ezkurdia eta Galarza, Altuna III.ari eta Martija laguntzera
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak finalerdietara sailkatzea jokoan duten Artola eta Mariezkurrena II.a izango dituzte arerio larunbatean Labriten (17:45ean, ETB1). Asteazkenean egin zuten material aukeraketa. Finalerdietarako sailkatzeko irabaztea ezinbestekoa dute Artolak eta Mariezkurrenak, galduz gero Altuna eta Martija sailkatuko liratekeelako finalerdietara, baina Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza hori ekiditen saiatuko dira, Aspeko euren taldekide eta lagun Altuna eta Martija laguntzeko eta txapelketa 7 punturekin despeditzeko. Tentsio handiko partida izango da, Ezkurdiak eta Galarzak txapelketan behetik gora egin dutelako eta larunbatean, Labriten, sekulako erakustaldia eman zutelako Bengoetxea eta Imaz 14 tantotan utzi eta gero. “Guk gurea egin behar dugu, eta hori egiten gure taldekideak laguntzen baditugu, hobe. Txapelketa ongi despeditu nahi dugu; sentsazio honekin bukatzea garrantzitsua da” azaldu zuen Ezkurdiak material aukeraketan. Artolak eta Mariezkurrenak adierazi zutenez “gure partida irabaztera aterako gara tanteoa kontuan izan gabe. Gainera, beste partida, Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisuren kontrakoa, ordu berean jokatuko da eta ez dugu gertatzen dena jakingo. Txapelketa honetan guztiak gara arerio, enpresa berdinekoak barne, eta txapelketa indibidualean bilakatzen da hau” azaldu zuten. Partida nahiko paretsua espero da, eta gakoa atzeko koadroetan egongo dela dio katedrak: opari gutxien egiten duenak eta atzean gailentzen denak asko izango du irabazteko. Beraz, Labriteko partida oso gogorra eta estua izango dela aurreikusten da.

Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisu, paradoxa
Egun berean, larunbatean, Victor-Albisu eta Irribarria-Zabaleta elkarren kontra ariko dira Ataunen (17:45ean). Gaur, ostegunean, goizeko 11:00etan aukeratuko dute materiala. Bi bikoak finalerdietarako sailkatuta daude, baina euren partida oso erabakigarria izango da. Izan ere, Altuna III.a-Martijak eta Artola-Mariezkurrena II.ak euren partidak irabazten badituzte, Ataungo emaitzak erabakiko du nor pasako den finalerdietara. Binakako Txapelketako paradoxa da hau, Asperi bere bikoteak, Irribarria-Zabaletak galtzea komeni baitzaio Altuna III.ak eta Martijak aurrera egiteko eta Baiko Pilotari bere bikoteak, Victor-Albisuk, galtzea komeni baitzaio Artola eta Mariezkurrena sailkatzeko. Lau pilotarien papera ez da batere xamurra, beraz, irabazten duenak bere taldekideak kaltetuko dituelako.

Altuna eta Martija sailkatzeko karanbolak
Bukatzeko, igandean jokatuko da ligaxkako azken jardunaldiko beste partida erabakigarria, Tolosan (17:00etan, ETB1).  Altuna III.ak eta Martijak Bengoetxea VI.a eta Imaz izango dituzte aurkari. Gaur, ostegunean, 15:00etan aukeratuko dituzte partidako pilotak, Beotibarren. Altunak eta Martijak hainbat aukera dituzte finalerdietara sailkatzeko. Irabazten badute eta Artolak eta Mariezkurrena II.ak galdu, Aspekoak sailkatuko dira finalerdietarako; irabazten badute eta Artolak eta Mariezkurrenak ere irabazten badute, Ataungo partidako emaitzak erabakiko du eta Victor eta Albisuk irabaziko balute aurrera egingo zuten Altunak eta Martijak. Eta bi bikoek galtzen badute, Altuna III.ak eta Martijak egingo dute aurrera eta finalerdietarako txartela lortuko dute.

Ligaxkako azken jardunaldia
Urrutikoetxea-Aretxabaleta / Elezkano II.a-Rezusta (ostiralean, 22:00etan, Oñatin. ETB1)
Ezkurdia-Ladis Galarza / Artola-Mariezkurrena II.a (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Victor-Albisu / Irribarria-Zabaleta (larunbatean, 17:45ean, Ataunen)
Altuna III.a-Martija / Bengoetxea VI.a-Imaz (igandean, Atano III.ean, 17:00etan. ETB1)