Burunda Txirrindularitza taldea 42. denboraldiari ekiteko prest

Guaixe 2019ko ots. 21a, 16:15

Larunbatean 2019ko taldeak eta denboraldia aurkeztu zituen Burunda Txirrindularitza Taldeak. Aurten 48 txirrindulari trebatuko dira taldean

Burunda Txirrindularitza Klubak bere 42. denboraldiari ekingo dio aurten. “Gure gurasoak orduan hasi ziren taldea sortzeko lanetan, gu txirrindularitzan aritzeko, eta hementxe segitzen dugu, orain gure seme-alabekin txirrindularitza sustatzen” aipatu zuen larunbatean Iortia Kultur Gunean 2019 denboraldiko aurkezpen ekitaldian Oscar Guerrero Burunda Klubeko presidenteak. Eguzkia lagun, lehendabizi Burunda klubeko taldeen argazkiak atera zituzten Iortia aurreko zabalgunean eta gero aurkezpen ekitaldiari ekin zioten.

Aurten, guztira 48 txirrindulari trebatuko dira Burunda klubean, 6 urtetik 18 urte bitarteraino, 34 eskoletako mailan, 8 kadeteen mailan eta 6 juniorretan. Txirrindulari hauen guraso asko bere garaian ere txirrindulariak izan ziren. “Txikienengan txirrindularitzarako pasioa pizten gurasoak bere garaian txirrindulari izanak beti laguntzen du. Dena den, badaude berez zaletasun hori dakartenak. Txirrindularitza sustatzeko akaso zerbait gehiago egin beharko genuke, ikastetxeetara joan eta gurera etortzea gonbidatzea, esaterako, eta gurasoek eta haurrek ere jakin beharko lukete txirrindularitzako lehen eta bigarren urtetan klubak bizikletak uzten dizkiela neska-mutikoei, eta gero txirrindularitzan jarraitzea erabakitzen badute, ondoren erosten duela norberak berea. Guk nahi duguna da neska-mutikoak gustura ibiltzea bizikletarekin, kirola sustatzea” gaineratu zuen Oscar Guerrerok.

Burunda klubaren helburua ez da ahalik eta podium eta kopa gehiago lortzea. “Hori guretzat ez da garrantzitsuena. Txikiak direnean saiatzen gara txirrindularitza eurendako jolas bat bezala izatea, eta kadeteak eta juniorrak direnean pixka bat serioago entrenatzen hasten dira, diziplina hartzen. Taldeak itxura ona ematea, jendeak ongi pasatzea, konpromisoa hartzea… hori da gure helburua. Junior mailan konpromiso hori handiagoa izaten da, datorren urtean afizionatuen mailara igotzeko txirrindulariek maila bikaina eman behar dutelako eta emaitzak behar direlako. Esaterako, Ailetz Lasa afizionatuetara pasa da, Laboral Kutxara” adierazi zuen Oscar Guerrerok.

Guraso askok haurrak errepidera ateratzeko duten erreparoaren inguruan mezu lasaia eman zuen Guerrerok. “Gu txikiak ginenean errepidean beti autoak eta kamioiak ondoan genituela ibiltzen ginen. Autobia egin zenetik, ordea, errepide zaharrean oso ongi entrenatu dezakegu, ez dugu arazorik eta hori zorte handia da. Monitoreekin goaz beti, bata aurrean eta bestea atzean, eta ez dugu izan arriskurik”.  

Babesle berberekin jarraituko du Burunda taldeak eta klubak esker oneko hitzak izan zituen babesleendako, euren ibilbidean aurrera egiteko ezinbestekoak baitira. Horrela, eskoletako babesleak Qualery, La Tasca de Don Jose eta Katealde dira, eta kadeteen eta juniorren mailako babesleak Quesos Albeniz eta Makor.

Burundak 8 lasterketa antolatuko ditu 2019an
Eskolen mailan 4 proba antolatuko ditu Burundak, Ziordian, Olaztin, Altsasun eta Urdiainen, lau herri hauetako festetan. Horretaz gain, kadete mailan beste 3 proba prestatuko dituzte: apirilaren 21ean Altsasun, uztailaren 2an Urdiainen, festetan, eta uztailaren 17an Iturmendin, festetan. “Iturmendiko eskolako lasterketa kadeteen mailakora aldatu dugu aurten” azaldu zuen Guerrerok. Eta junior mailan martxoaren 17an Burunda Trofeoa jokatuko da, Burunda klubak antolatutakoa.

“Lana izaten da, gurasoen eta boluntarioen laguntzarekin egiten baititugu kruzeak eta antolaketa guztia. Horretaz gain, klubetik ere gero lana egin behar da babesleak eta beste lortzeko. Lana da, baina saiatzen gara gurasoei txirrindularitzak kosturik ez izatea, eta, horretarako, klubak lana egin behar du” nabarmendu zuen Guerrerok.

Burundako zuzendaritzan Oscar Guerrerok jarraitzen du presidente lanetan, Iñaki Lasa presidenteordearen, Gorka Mintegi idazkariaren eta Ismael Perez diruzainaren laguntzarekin. Joxean Begiristain, Goyo Chamorro eta Pablo Urtasun bokalak dira.


Burunda Txirrindularitza Taldea 2019
-Eskolak (34):
-Promesak (6): Daniel Curiel Peña, Asier Galarza Zubiria, Javier Ramirez de Alda Rojas, Joritz Claver Flores, Adei Marañon Lakunza eta Iker Agirre Muñoa.
-Hasiberriak (15): Enara Perez Barrenetxea, Patxi Azkarate Andonegi, Ekaitz Zufiaurre Goikoetxea, Egoi Urtasun Etxeberria, Ezkai Lakunza Arza, Markel Urteaga Zelaia, Xabier Curiel Peña, Izai Igeltz Irizar, Unai Gomez Lopez de Goikoetxea, Asier Flores Agirre, Markel Lizarraga Lopez de Goikoetxea, Alex Gonzalez Juanez, Aitzol Hernaz Iraola, Eneko Pinto Vicente eta Ibai Galarza Zubiria.
-Kimuak (6): Ekaitz Perez Barrenetxea, June Etxeberria Anton, Ekain Imaz Perez, Hegoi Garcia Duran, Oihan Arregi Cano eta Oihan Hernaz Iraola.
-Haurrak (7): Andoni Yerai Bedoya Morales, Ion Ayerbe Senar, Iker Begiristain Andueza, Pablo Senosiain Galarza, Iker Gomez Lopez, Asier Etxeberria Anton eta Mikel Regil Fernandez.

Entrenatzaileak: Ismael Perez Auzmendi, Pablo Urtasun Perez eta Gorka Mintegi Mazorriaga.

Kadeteak (8):
Julen Guerrero Carrasco, Ander Villalobos Hernanz, Mikel Uncilla Aldasoro, Unax Trevejo Rodriguez, Oihan Etxeberria Anton, Ion Chamorro San Martin, Hugo Aznar Vijuesa eta Sergio Lopez Pelegrin.
Entrenatzaileak: Ion Irigoien Fresneda eta Aritz Irigoien Fresneda.

Juniorrak (6):

Iker Mintegi Claver, Unai Aznar Vijuesa, Willy Ismael Torres Lucero, Jonathan Felix Vega Barrio, Unai Villalobos Hernaz eta Diego Gonzalo Ducros.
Entrenatzaileak: Tomar Martinez Viedma eta Eneko Vilar Sisamon.

ARGAZKIAK: BURUNDA TXIRRINDULARITZA TALDEA