Robotika lehiaketan hiru talde aritu ziren

Guaixe 2019ko ots. 25a, 15:17

Nafarroa guztiko 250 haur eta gazte 30 taldetan banatuta. Horiexek hartu zuten Iruñeko Planetarioa hilaren 17an, Firts Lego Leagueren herrialdeko kanporaketan parte hartzeko. Zazpigarren urtez Urdiaingo bi taldek parte hartu zuten eta, estreinakoz, Altsasuko batek.

Firts Lego Leaguen parte hartzen zuten taldeek espazioa zuten gaitzat aurten. Espazioan erabilgarria izan zitekeen gai bat garatu, probatu eta ondorioak atera behar zituzten. Zientzia proiektua osatu zuten horrela. Urdiaingo Elektrodinamiks taldeak (15 urteko 5 kide) espazioan landareak haztea posible eginen lukeen makina baten ideia eraman zuten Iruñera. Espazioan grabitaterik ez dagoenez, lurrean bezala egon eta hazteko gaitasuna ematen die makinak landareei behin eta berriz bueltak emanez. Zientzia lan horrek Electrodinamiks taldeari lehen saria eman zion.

Urdiaingo beste taldeak, Jentiltroniks (12-13 urteko 6 kide) espazioan kirola egiteko jantzi bat egin zuen euren zientzia lanean. Espaziora joaten diren pertsonak muskulu masa ez galtzeko egunero bi orduz kirola egin behar dute eta urdiaindarren jantziak langintza horretan lagunduko luke. Bestalde, bi taldeek robot bana diseinatu, eraiki eta programatu behar izan zuten. Harekin mahai batean jarritako probak gainditu behar izan zituzten. Eta, azkenik, lehiaketan parte hartzean zein balio ikasi zituzten poster batean azaldu behar izan zituzten. Domekan jokatu zen lehiaketa, baina urdiaindarrak irailetik astero udaletxean elkartu dira guztia prestatzeko. Matrikula ordaintzeko Sakana kooperatibaren eta Magotteaux enpresaren laguntza izan zuten.

Altsasuarrak
Robotika lehiaketan estreinako parte hartzea zuen Altsasuko taldeak, Legomastodontes. Junior mailan aritu ziren 6 kidez osatutako taldea (9 urteko 5 eta 7 urteko 1). Maila horretan parte hartzen duten taldeek maketa bat aurkeztu beharra dute. Altsasuarrek ilargian jarritako base baten maketa aurkeztu zuten. Hura egiteko astero Gure Etxea eraikinean elkartu dira azaroaz geroztik ostiralero. Haurrak esperientziarekin “pozik”, errepikatzeko gogoz daude. Bestalde, Nafarroan lehiaketa babesten zuten enpresen artean Aldakin zegoen.