Institutuan aluminioari gerra

Guaixe 2019ko ots. 23a, 12:24
Altsasu institutuko ikasleak gelan. Argazkiak: utzitakoak.

Ogitartekoa biltzeko aluminio-papera erabili beharrean bilgarri berrerabilgarri bat erabiltzen hasi dira ikasleak eta irakasleak.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuak hondakinen murrizketa eta kudeaketa egokian eskarmentua du. Ikastetxeko Agenda 21 taldeko kide Ainize Ramila Gabiriak gogorarazi digunez, “hondakinak aspaldi sailkatzen ditugu eta ikastetxean bertan konposta egiten dugu”. Aurreko ikasturteetan Agenda 21 taldeak ogitartekoak biltzen dituzten aluminioari erreparatu zion. “Helburua zen ikasleei ezagutaraztea zilarrezko papera zein kutsakorra den eta beste bilgarri batzuk erabiltzea premiazkoa dela kontzientziatzea”. Izan ere, ikasleek egunero eramaten dituzte ogitartekoak eta gehienek aluminio papera erabiltzen dute bilgarri modura.

Agenda 21 taldeko kideek beste pauso bat ematea erabaki dute ikasturte honetan: “ongi dago aluminioa kutsakorra dela esatea, baina are hobea litzateke alternatiba bat eskaintzea eta ikasleak zilarrezko papera erabiltzeari uztea”. Boc’n’roll enpresaren bilgarriak egokiak zirela iritzita, alternatiba hori eskaini zieten. Ramilak azaldu digunez, “ogitarteko bilgarri hori alde batetik oihala da eta, bestetik, plastifikatuta dago. Behin eta berriro erabili daitezke. Erabili ondoren trapu busti batekin garbitzen da. Merkeagoa da. Eta urteetako iraupena dauka. Guk alternatiba hori eskaini diegu, baina esan diegu haiek euren bide propioa gara dezaketela”.

Bilgarri berrien kopuru handia eskatu zutenez, prezio onean lortu zituzten, “gainera, Agenda 21 taldetik eta ikastetxetik diru pixka bat jarri da eta lortu dugu merkatuan 9 eurotan zegoen produktu bat ikasleei 3 eurotan saltzea”. Ramilak azaldu digunez, “eskaintzak ikasleen artean oso harrera ona izan du. 225 ikaslek eskatu dizkigute. 50 ikaslek ere. Gu oso pozik gaude”. Aurreko ikasturteetan egindako kanpainekin egoera ez zela hobetzen ikusita hartu zuten alternatiba eskaintzeko erabakia eta “honekin aurrerapauso handia eman dugu”.


Ogitartekoen bilgarri sorta bat.

Ekimen gehiago
Altsasu institutuko DBHko 1. mailako talde bakoitzean ingurumen ordezkari pare bat jarri dituzte. “Helburua da ikasleen ideiak biltzea, beti ere, ingurumenaren alde egin ditzakegun ekintzak izan behar dute. Beti baitago zerbait hobetzeko”.