Parlamentuko Garapen Batzordea Sakanan bilduko da

Guaixe 2019ko ots. 23a, 12:31

Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren bilera bat.

Sakanako Plan Estrategikoaren berraztertzearen barruan, batzordeak hala eskatuta eginen da bilera. Planaren balorazio positiboa eginda ere, parte-hartzaileen ahotsa entzun nahi dute.

Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) berraztertzeko prozesua azaro akaberan abiatu zen Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren bilerarekin. Ondoren jardunaldi irekiak, elkarrizketak eta Nafarroako Parlamentuko taldeekin bilerak etorri dira. Guaixek Iker Manterola Sakanako Garapen Agentziako (SGA) teknikaria elkarrizketatu zuen astelehenean Euskadi Irratiko Mezularia saioaren Tokikom Gauzak atalean eta Manterolak jakinarazi zuenez, parlamentariak Sakanan bilera egin nahi dute.

SPE onartu zenean ibarretik Nafarroako Parlamentura jo zen, “asmoen berri emateko. Parlamentuan erabateko adostasuna lortu zuen SPEk. Plana gauzatzeko bide horretan Parlamentua laguntzaile izan zen. Orduan izan zen moduan, orain euren ekarpena eta balorazioa beharrezkoa zela uste genuen”. Parlamentuko taldeekin hainbat bilera egin zituzten. “Balorazio positiboa izan da. Haiek hala eskatuta Parlamentuko Garapen Batzordea Sakanan bilduko da”. Manterolak azaldu digunez, “bertatik bertara ezagutzeko prozesu honetan parte hartu duten beste eragileak: proiektu estrategikoetan parte hartu duten enpresen ikuspuntua… ”

Manterolak argitu zuenez, SPEren berrazterketaren azken idatzia, “printzipioz, maiatza baino lehen” izan nahi dute. Hurrengo pausoak aurreratu zituen: “Parlamentuko lantaldearen ekarpenak bildu, azken dokumentua egin eta Nafarroako Gobernuari aurkeztu”.

Eskualde bihurtzeaz
Nafarroako Tokiko Administrazio Mapa berriarekin herrialdean dozena bat eskualde sortuko dira. Horietako bat Sakana izanen da. Horretaz galdetuta, Manterolak esan zuenez, “guretako aukera eta erronka da. Hasitako bide horretan beste forma bat emateko, beste baliabide batzuk emateko eta, batez ere, errealitate hori gorpuzteko”. Sakana eskualdea izatea teknikariarendako “oso tresna interesgarria izanen da. Zeren horrek irekiko du hausnarketa fase berri bat: nora goaz, zer baliabide behar ditugu, ongizatea gure eskualdean bermatzeko zer baliabide behar ditugun, SPEkoez aparte zein erronka ditugun… Erronka berri pila bat ditugu”.

Digitalizazioaz
Inasa zenaren bulegoan prestatzen ari direnaz galdetuta, Manterolak azaldu duenez, “industria berritzaileei loturiko gune berezi bat lantzen hastea. Batez ere etorkizuneko erronkei erantzunen diena: digitalizazioa, 4.0 industria… Zein izanen dira etorkizunerako sakandarrek behar dituzten ezagutzak, eta teknologia-baliabideak, lanpostuak modu duin batean eusteko, ez?”

Enpresen digitalizazio mailaren 30 enpresa sakon aztertu dira Nafarroan eta haietatik herena sakandarra da. “Eraldaketa digital eta 4.0 industria kontzeptupean landu daitezkeen hainbat elkarlan proiektu lantzen ari gara beraiekin. Daukagun enpresa motengatik, etorkizunari aurre egiteko elkarlana eta teknologia uztartu behar ditugu nahi ta nahiez. SPE oinarri izan den elementua, elkarlana, orain teknologia gehitzea”.