Oroitzapenak burura. Oroitzapen gehiago ingurukoekin hizketatzean. Bizitakoak biziberritu. Nostalgia. Pena. Halakoak sentitzen ditugu bezero izan garen gure herriko dendaren, tabernaren edo jatetxeren bat ixten duen bakoitzean. Dendariarekin izandako pasadizo hura, tabernan egindako dantzak… Establezimendu haietan bizi puska bat utzi izanaren sentipena. Eta Sakanan gero eta nabariagoa dena azken urteetan, hainbat establezimenduk ateak itxi baitituzte azken urteetan. Eta herrietako bizitzan nabaritu da.
Zerbitzua ematen digun lokalaren itxiera, hala ere, ez da toki guztietan berdin bizi. Asko dauden tokian batek ixtea beste establezimendu batera joateko ohitura sortuko die gabe gelditu diren bezeroei. Baina establezimendu gutxi batzuk dauden herrietan denda edo taberna ixtea drama bat da, herriari bizi handia ematen dion lekuetako bat gabe, jendea ez delako herrian bertan ateratzen eta, gainera, herrian kontsumitzeko ohitura zuenak beste herri batera joan behar duelako. Edo, zuzenean, hirira. Baina establezimendu horiek ere bezero potentziala galdu dezakete, Internet bidezko erosketak ohiko bihurtu baitira. Jakina, itxiera horien beste ondorioetako bat lanpostuen galera da.
Sakanan dugun tokiko-merkataritza hori dinamizatu eta etorkizuna emateko helburuz, eta horrela herrien eta ibarraren dinamismoa eta lanpostuak sustatzeko, diagnosia egin du Sakanako Garapen Agentziak (SGA). Diagnosia izanda etorkizuneko oinarria jarri nahi dute establezimenduetako ordezkariek eta SGAk. Osteguneko aurkezpenean izan ziren guztiek Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko Plana ezagutzeko aukera izan zuten.
Jendea Altsasuko kale batean.
Nerea Viana
Sakanako Garapen Agentziako elikadura teknikaria
Halako azterketen aurrekaririk badago?
Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) baitan merkataritza zeharkako lan ildoa da. SPE egiterakoan, beste eragileekin bezala, kontraste lana egin zen ibarreko merkatariekin, beharrak zehazteko lan bat. 2016an, herriz herri, galdetegi xume bat egin zen, alkateekin kontrastatu zena, baina oso azalekoa izan zen. Gero horretan ez zen asko sakondu. Egin dugun azterketa bezalakorik ez dago.
Nola sortu da azterketa egiteko ideia?
Sakanako Garapen Agentziak (SGA) badu merkataritza ehuna hobetzeko, dinamizatzeko helburu hori. Nola egin, nora joan nahi dugun eta nola joan behar dugun horra jakiteko abiapuntua zein den jakin behar dugu. Gaur egungo merkataritzaren argazkia izatea beharrezkoa da. Merkatarien aldetik aspaldiko aldarrikapena zen. 2018rako ekintza gisa zehaztu genuen, eta egin dugu. Horrelakoetan adituak diren Ikei enpresak egin du azterketa, SGAk pitta bat gidatuta. Galdetegiaren diseinua Nafarroako Gobernuko Merkataritza Zerbitzuarekin kontrastatu dugu, hemendik urte batzuetara beste azterketa batzuk egin behar badira, egoera ikusteko eta konparagarria izateko.
Zein da proiektuaren helburua?
Azken helburua litzateke Sakanan merkataritza bizia izatea. Sakandarrek bertako merkataritzan erostearen aldeko apustua egitea. Hori lortzeko, azterketa honetan helburutxo batzuk zehaztu ditugu. Batetik, eskualdeko merkataritza sektorea ezaugarritzea, jakitea zer eskaintza daukagun. Bestetik, Sakanan barna nola dagoen banatuta. Azkenik, dendariak, haien profila, prestakuntza beharrak eta hori guztia pitta bat ezagutzea. Argazki bat ateratzea.
Ikerketaren aurkezpenean azalpenak entzuten.
Informazio hori guztia lortzeko nora jo duzue?
Metodologia bi zatitan zatitzen da. Lehenengoa estatistika iturrietatik eta iturri ofizialetatik datuak biltzea izan zen. Ondoren, Sakanako komertzio guztietatik batzuk aukeratzea eta haiei, banan-bana, galdetegi zehatza egitea. Guztira ehun inkesta egin ziren. Sakanako herri handienak eta txikienak banatu genituen, errealitatea desberdina delako. Azkenean, lan kualitatibo horren barruan, kontraste mahaia egin zen. Merkatariekin batera kontrastatu genituen galdetegien lehen ondorioak, eta haien behar guztiak ere han jaso genituen. Lan kuantitatiboan datu gordinak jaso genituen. Baina lan garrantzitsuena kualitatiboa izan zen, galdetegiei esker jasotako informazioa, eta ondorengo foroan. Oso garrantzitsua izan da parte-hartzea. Merkatarien aldetik prestutasuna egon da, busti dira. Nafarroako beste eskualde batzuetan gertatzen ari denarekin konparatuz, oso antzekoa da. Azkenean, landa eremuan merkataritzak dituen erronkena arazoa nahiko globala izaten ari da.
Inkestak zein ondorio azaleratu ditu?
Baditugu esperientzia handiko dendariak, baina, aldi berean, bataz besteko adina nahikoa handia da. Beraz, hemendik urte batzuetara arazoetako bat izanen da komertzioen erreleboa. Hor zer den azpimarragarria? Nahiz eta erreleborako jendea falta den, behintzat dendariak prest daude errelebo horretan lan egin eta laguntzeko. Nolabaiteko akonpainamendu bat egiteko. Beraz, haiek dira horretan interesa duten lehenengoak. Bestetik, establezimenduen arduradunak emakumezkoak dira. Haien kolektiboaren tamaina nahiko handia da Sakanan.
Merkataritza lokalak jabetzan daude orokorrean. Beraz, horrek laguntzen du une batzuetan komertzioa mantentzen, lagungarria da. Baina erreleboa ematean alokairuak begiratu beharko dira, arazo bat izan ez daitezen. Bestetik, Sakanan nahiz eta herriz herri aldaketak dauden, asoziazionismo maila handia dago. Elkarte baten parte diren komertzio horiek nahiko handiak dira. Arazotxoak ikusten dira saltokien teknologia-ekipamenduan. Berrikuntza beharrezkoa izanen litzatekeela ikusten da, prestakuntza…
Adinak eta teknologiak talka egin dezakete, ezta?
Hori da. Nafarroako Gobernutik esan ziguten moduan, horretara zehazki bideratutako laguntzak daude.
Dendariak, ostalariak, udal eta erakunde ordezkariak izan ziren aurkezpenean.
Etorkizuneko lan ildoak zehaztu dira?
Zazpi lan ildo orokor zehaztu dira, pausoak ematen hasteko. Lehenik, gobernantza. Bigarrenik, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa. Azkenean, bezeroak eta gizartea ez badu kontzientzia hartzen eta ez bada sentsibilizatzen merkataritza txikiaren garrantziaz, bai herriko bizitza dinamizatzeko, bai ekonomia-jario bat egoteko eremuan bertan eta lurraldean… Merkatariek hori guztia oso garrantzitsutzat jotzen dute. Haiek lan bat egin dezakete, baina jendeak ere.
Horrekin lotuta, lehiakortasuna. Hau da, komertzioen lehiakortasuna indartzea. Eman behar duten eskaintza gaur egun erosteko ditugun ohituretara egokitu behar da, edo bezeroak eskatzen duen horretara. Berrikuntza ere. Lankidetza eta elkarkidetza ere lan ildoak dira. Sakana mailan identitate komun hori indartzea. Azkena, ekintzailetza eta belaunaldien arteko erreleboa litzateke.
Hori guztia martxan jartzeko epeak zehaztu dira?
Aurreneko fase batean gaude. Azterketa eta aurkezpena egin ditugu. Orain zehazten hasiko gara. Lehentasuna duten horietatik hasi… Baina SGAtik ikusi beharko dugu zeri heldu ahal diogun. Erreleboan eta ekintzailetzan askoz esperientzia handiagoa duten beste erakunde batzuk daude, Cederna Garalurrek eta horretan laguntzen dute. Udalek ere honetan parte hartu beharko dute. Nafarroako Gobernuak honetan ere zeresana izanen du.
Joan den ostegunean aurkeztu zenuten azterketa. Zer moduz?
Dendariak gonbidatu genituen, Sakanako eta Altsasuko elkarteak, udalak, Cederna Garalur eta Nafarroako Gobernua. Guk aurkezpena egin genuen, baina esaten diren gauza asko Nafarroako Gobernuko Komertzio eta Turismo Zerbitzuak oso landuak ditu. Haiek kontatu zuten zenbat lan ildo eta diru-laguntza ateratzen ari diren. Baita 2019an zein aterako diren ere, nolabait erronka horiei erantzuten dietenak.
Zer nolako balorazioa egiten duzue zuek?
Gu pozik gaude. Gauza asko ikusteko aukera izan dugu. Gainera, aspaldiko aldarrikapen honi erantzun diogu, beraz, pozik. Baina hau bakarrik hasiera da. Oinarria jarri da. Gainera, ireki ditugu espazio pare bat dendariek ahotsa izan dezaten. Atera dugun beste ondorio bat da, beste sektore batzuetan bezala, informazioa helaraztea oso zaila dela. Komunikazio hori hobetu behar da. Balorazioa, orokorrean, ona. Eta lan egiteko gogoak. Beraz, ongi.
Eta merkatariek?
Esan digutenez, pozik daude. Baina lan handia dago aurrean.
Datuak
Establezimenduak: 483.
Merkataritzakoak: 364, %75,36.
Ostalaritzakoak: 119, % 24,64.
Haietan lanean: 882.
Merkataritzakoetan: 1,6 langile.
Ostalaritzakoetan: 2,5 langile.
Sakanako establezimendu kopurua | |||||||||
Udalerria | Biztanleria | Saltokiak | % | Ostalaritza | % | Guztira | % | Soldatapeko langileak | % |
Altsasu | 7.471 | 156 | 42,86 | 42 | 35,29 | 198 | 40,99 | 450 | 51,02 |
Etxarri Aranatz | 2.456 | 39 | 10,71 | 14 | 11,76 | 53 | 10,97 | 86 | 9,75 |
Irurtzun | 2.187 | 40 | 10,99 | 9 | 7,56 | 49 | 10,14 | 140 | 15,87 |
Olazti | 1.522 | 35 | 9,62 | 10 | 8,40 | 45 | 9,32 | 24 | 2,72 |
Lakuntza | 1.263 | 22 | 6,04 | 6 | 5,04 | 28 | 5,80 | 20 | 2,27 |
Arbizu | 1.117 | 25 | 6,87 | 10 | 8,40 | 35 | 7,25 | 61 | 6,92 |
Arakil | 952 | 9 | 2,47 | 8 | 6,72 | 17 | 3,52 | 43 | 4,88 |
Uharte-Arakil | 834 | 12 | 3,30 | 5 | 4,20 | 17 | 3,52 | 17 | 1,93 |
Urdiain | 671 | 10 | 2,75 | 3 | 2,52 | 13 | 2,69 | 29 | 3,29 |
Ergoiena | 399 | 1 | 0,27 | 2 | 1,68 | 3 | 0,62 | 3 | 0,34 |
Iturmendi | 398 | 4 | 1,10 | 4 | 3,36 | 8 | 1,66 | 2 | 0,23 |
Ziordia | 354 | 3 | 0,82 | 2 | 1,68 | 5 | 1,04 | 7 | 0,79 |
Bakaiku | 349 | 2 | 0,55 | 2 | 1,68 | 4 | 0,83 | 0 | 0,00 |
Irañeta | 176 | 2 | 0,55 | 1 | 0,84 | 3 | 0,62 | 0 | 0,00 |
Arruazu | 106 | 4 | 1,10 | 1 | 0,84 | 5 | 1,04 | 0 | 0,00 |
GUZTIRA | 20.255 | 364 | 100,00 | 119 | 100,00 | 483 | 100,00 | 882 | 100,00 |
Iturria: NASTAT, Nafarroako Estatistika Institutua, Nafarroako Enpresen Direktorioa (DENA) 2018/01/01ean. |
Datuei erreparatuta, Altsasuk ibarreko 10 establezimenduetatik 4 ditu, baina haietan lanean ari diren soldatapeko langileen erdiak. Sakanako 10 establezimenduetatik 1 Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen daude, nahiz eta azken horretan langileen % 15,87 dauden. Gainontzeko herrietan establezimendu portzentajea langileena baino askoz handiagoa da. Salbuespenak Arakil (% 3,52 eta % 4,88), Arbizu (% 7,25 eta % 6,92) eta Urdiain (% 2,69 eta % 3,29) dira.
Sakanako merkataritza eskaintza | |||||||||
Udalerria | Elikagaiak | Drogeria, farmazia eta tabakoak | Moda, oinetakoak, osagarriak | Etxeko hornidura | Liburu eta paper-dendak | Ibilgailuak eta erregaiak | Beste establez. batzuk | Ostalaritza eta ostatua | Guztira |
Altsasu | 37 | 12 | 22 | 17 | 5 | 18 | 45 | 42 | 198 |
Etxarri Aranatz | 17 | 4 | 2 | 2 | 2 | 3 | 9 | 14 | 53 |
Irurtzun | 13 | 4 | 6 | 3 | 1 | 8 | 5 | 9 | 49 |
Olazti | 15 | 1 | - | 1 | - | 11 | 7 | 10 | 45 |
Lakuntza | 12 | 2 | 1 | - | - | 1 | 6 | 6 | 28 |
Arbizu | 10 | 3 | 1 | - | 1 | 6 | 4 | 10 | 35 |
Arakil | 1 | 2 | - | - | 1 | 5 | 8 | 17 | |
Uharte Arakil | 4 | 2 | 1 | - | - | - | 6 | 4 | 17 |
Urdiain | 3 | 1 | - | - | - | - | 5 | 4 | 13 |
Ergoiena | - | 1 | - | - | - | - | - | 2 | 3 |
Iturmendi | 1 | 1 | 1 | - | - | - | 1 | 4 | 8 |
Ziordia | - | 1 | - | - | - | 2 | - | 2 | 5 |
Bakaiku | 1 | 1 | - | - | - | - | - | 2 | 4 |
Irañeta | 2 | - | - | - | - | - | - | 1 | 3 |
Arruazu | 2 | - | - | - | - | - | 2 | 1 | 5 |
GUZTIRA | 118 | 33 | 36 | 23 | 9 | 50 | 88 | 119 | 483 |
24,43 | 6,83 | 7,45 | 4,76 | 1,86 | 10,35 | 18,22 | 24,64 | 100,00 |
Sakana dauden 483 establezimenduetatik 364 merkataritzakoak dira eta 119 (% 24,64) ostalaritzakoak. Azken horren ia tamaina bera dute elikagaiak saltzen dituzten dendek (24,43). Kopuruari erreparatuta beste establezimendu batzuk sailekoak bigarrenak dira (% 18,22). Atzetik ibilgailuak eta erregaiak saila (% 10,35), moda, oinetakoak eta osagarriak (% 7,45) eta drogeria, farmazia eta tabakoak (% 6,83). Beste bi sailak % 5etik behera daude: etxeko hornidura (% 4,76) eta liburu-denda eta paper-denda (% 1,86).