Mank-ek euskalgintzari zuzendutako diru-laguntza deialdia egin du

Guaixe 2019ko ots. 27a, 09:04

Guraso eta seme-alaben arteko hizkuntza ohituretan eragiteko Irurtzunen antolatu zen familia-mintzakideko irteera bat. Artxiboa.

Eskabideak egiteko epea martxoaren 29an despedituko da. Argibideak nahi dituenak 948 464 840 telefonora hots egin edo euskara1@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi beharko du.

Sakanako Mankomunitateak ibarreko euskalgintzari eta euskara sustatzeko jarduerei diruz laguntzeko deialdia egin berri du. Diru-laguntza horren bidez Mank-ek euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak eta euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak lagunduko ditu. Aurten eginen diren ekintza horietarako 5.000 euroko diru-poltsa aurreikusi du Mank-ek.

Onartutako deialdiaren barruan honako helburua duten jarduerak lagunduko dira: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu duten egitasmoak; euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbiltzeko helburua dutenak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak; euskararen alderdi desberdinak aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak; euskarazko kultur sormena bultzatzea helburu duten egitasmoak (hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta lantegiak); etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.

Deialditik kanpo geldituko dira, batetik, euskararen erabilera sustatzea helburu espezifiko eta nabarmena ez duten egitasmoak. Bestetik, Mank-en beste edozein esparrutan diru-laguntza jaso dezaketen horiek, ezta Euskara Zerbitzuaren jarduera esparruaren barruan ez daudenak ere. Azkenik, gazteendako aisialdi jardunaldiak ere deialditik kanpo geldituko dira. Deialdian ezin dute ez ikastetxeak, ez guraso elkarteek edo kooperatibek parte hartu. Diru-laguntza eskatzen den jarduera bakoitzek gehienez 1.000 euroko aurrekontua izan beharko du. Gainera, eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, hiru jardueretarako eskaerak aurkez lezake.