Ezkurdia-Galarzak finalerdietarako txartela oparitu zieten Altuna-Martijari

Guaixe 2019ko ots. 25a, 11:15
Argazkia: Jose Ignacio Unanue.

Ezkurdiak eta Galarzak 22 eta 21 irabazi ziten Artolari eta Mariezkurrenari eta opari bikaina egin zieten Altunari eta Martijari, Binakako finalerdietarako sailkatzea, hain zuzen

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 14. jardunaldia, azkena, jokatu zen asteburuan. Elezkano-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisu finalerdietarako sailkatuta zeudela, laugarren bikoa nor izango zen, Altuna-Martija edo Artola-Mariezkurrena, hori zen azken jardunaldi horrek erabaki behar zuena. Emozioak, beraz, azken unera arte iraun zuen, zein bikok egingo zuen aurrera erabakitzeko hainbat aukera zegoelako.

Ostiraleko Oñatiko partidan Elezkano II.ak eta Urrutikoetxeak 22 eta 14 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Aretxabaletari. Partida honek euren 10. puntua eman zien Elezkanori eta Urrutikoetxeari eta Urruti eta Aretxabaleta, aldiz, 3 punturekin geratu ziren, baina partida horrek ez zuen eraginik izan Altuna-Martija edo Artola-Mariezkurrenaren sailkapenean.

Larunbatean erabaki zen guztia. Leporaino beteta zegoen Labriten Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Artola eta Mariezkurrena izan zituzten aurkari, eta Ataunen Victorrek eta Albisuk Irribarria eta Zabaleta. Artola eta Mariezkurrena finalerdietarako sailkatzeko behar-beharrezkoa zuten Ezkurdia eta Galarza irabaztea, baina igandean Altunak eta Martijak Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra irabaziz gero, Ataungo partidako emaitzak erabakiko zuen zein biko sailkatuko zen finalerako. Eta hemen sekulako paradoxa zegoen, Irribarriak eta Zabaletak irabazita Artola eta Mariezkurrena sailkatuko liratekeelako eta Victorrek eta Albisuk irabazita Altunak eta Martijak egingo zutelako aurrera. Beraz, larunbatean bi partiden emaitzetara begira egon zen katedra.

Ezkurdiaren eta Galarzaren oparia
Labriten, Artolak eta Mariezkurrenak esku-eskura izan zuten sailkapena. Baikokoak ez ziren ongi hasi, oso urduri ibili zen Artola eta Mariezkurrenak hartu behar izan zuen euren bikoaren zama. Bestalde, partida oso ona egin zuten Ezkurdiak eta Galarzak, eta 13 eta 9 eta 16 eta 11 aurreratu ziren. Baina partidari tamaina hartzea, berdintzea eta 18 eta 19 aurreratzea ere lortu zuten Artolak eta Mariezkurrenak. Emozioa gora-gora zegoen, Labriteko partida bukatu baino lehen Ataungoa despeditu zelako, eta Irribarriak eta Zabaletak Victorri eta Albisuri 22 eta 18 irabazi zietela jakina baitzen. Hortaz, finalerdietako txartela esku-eskura zuten Artolak eta Mariezkurrenak, irabaziz gero lortuko zuten. Baina Ezkurdiak eta Galarzak euren taldekide Altuna eta Martija laguntzea zuten buruan, eta zuten guztia eman zuten. Lehia estuan, 21 eta 19 aurreratu ziren Ezkurdia eta Galarza, baina 21era berdindu zuten Artolak eta Mariezkurrenak. Guztia, beraz, azken tantoak erabaki zuen. Pilotazaleak bihotzekoa emateko moduan zeudela, azken tantoa Joseba Ezkurdiak egin zuen, pilota bikain irekita. Horrela, 22 eta 21 irabazi zuten Ezkurdiak eta Galartzak eta Binakako finalerdietara sailkatzeko txartela oparitu zieten euren taldekide Altunari eta Martijari.

Txapelketa gaizki hasi zuten Ezkurdiak eta Galarzak, baina behetik gora egin dute, ikusgarri aritu ziren azken partidatan eta 7 punturekin despeditu dute Binakako hasierako ligaxka, Artola-Mariezkurrenarekin berdinduta eta euren taldekide Altunari eta Martijari finalerdietarako pasea oparituta. Elegante.

Altunaren eta Martijaren garaipena
Binakako finalerdietarako sailkatuta zeudela jokatu zuten atzo Altunak eta Martijak Donostian, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra. Hasieratik aurrera hartu zuten Aspekoek, Altuna fin ibili zen eta 14 eta 6 aurreratu ziren, baina gipuzkoarrak behera egin zuen eta Baikokoek egoerari buelta eman zioten eta 17 eta 16 hurbiltzea lortu zuten. Azkenean, eta Martijaren lanari esker, 22 eta 18 irabazi zuten Altuna III.ak eta Martijak.

Finalerdiak
Elezkano II.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta, Olaizola II.a-Albisu eta Altuna III.a-Martija sailkatu dira Binakako finalerdietarako. Finalerdien lehen bi partidak inauterietan murgilduta dagoen Tolosan jokatuko dira, hurrengo astelehenean eta asteartean.


Binakako hasierako ligaxka. Sailkapena
1.Elezkano II.a-Rezusta    10 puntu
2.Irribarria-Zabaleta    9 puntu
3.Olaizola II.a-Albisu    8 puntu
4.Altuna III.a-Martija    8 puntu
5.Artola-Mariezkurrena    7 puntu
6.Ezkurdia-Galarza        7 puntu
7.Bengoetxea VI.a-Imaz    4 puntu
8.Urrutikoetxea-Aretxabaleta 3 puntu
*Lehendabiziko lau bikoak, finalerdietarako sailkatuta