Final sakandarra Euskal Herriko Mus Txapelketako Nafarroako kanporaketan

Guaixe 2019ko ots. 26a, 09:33

Rafael Lakuntzak eta Gorka Garate etxarriarrek Mikel Razkin eta Ibai Gorriti uhartearrei irabazi zieten finala. Haiek eta beste hiru bikote Euskal Herriko finalerako sailkatu dira.

Euskal Herriko Mus Txapelketako finala Lizarran jokatuko da martxoaren 16an. Herrietako kanporaketen ondoren, Nafarroa ordezkatuz finalera joateko kanporaketa jokatu zen Iruñeko Arrano elkartean larunbatean. 157 bikote 32 txartelengatik borrokatu ziren, horien artean 14 bikote sakandar. Haietako bi finalera iristea lortu zuten. Eta finalean Rafael Lakuntza-Gorka Garate etxarriarrek Mikel Razkin-Ibai Gorriti uhartearrei irabazi zieten. Txapel eta garaikurrekin batera landetxe batean asteburuko egonaldia irabazi zuten txapeldunek. Bigarrenek, berriz, Errigorako kutxa bana, edariak eta gatza izan zuten saritzat. Lizarrako finalerako txartela beste hiru bikote sakandarrek lortu dute: Arbizuko Serafin Garmendia-Txomin Flores eta Altsasuko Jobita Moro-Saioa Erro eta Patxi Astiz-Jazinto Bengoetxea.


Iruñeko larunbateko kanporaketan txapelketaren antolakuntzan urtetan aritutako Felix Urra irurtzundarra gogoan izan zuten. Antolatzaileek Urrak azken hamarkadan egindako lana aitortu zuten. Haren irudiaren aurrean aurreskua dantzatu eta hari eskaini zioten txapelketa. Urraren argazkia Nafarroako kanporaketaren lekuko izan zen.