Binakako finalerdietarako datak eta frontoiak zehaztu dira

Guaixe 2019ko ots. 26a, 10:48
Martija eta Altuna Irribarriaren eta Zabaletaren kontra ariko dira martxoaren 10ean Eibarko Astelenan. Argazkia: Aspe.

Asteburu honetan atsedena hartuko du Binakakoak. Martxoaren 9an Elezkano II.a-Rezustak eta Victor-Albisuk jokatuko dute Labriten, eta martxoaren 10ean Altuna III.a-Martijak eta Irribarria-Zabaletak Astelenan

Binakako Txapelketako hasierako ligaxka despedituta, aste bateko atsedena hartuko du txapelketak. Finalerdietan 3 jardunaldi izanen dituzte aurre aurre finalerdietarako txartela lortu zuten Elezkano II.a-Rezustak, Irribarria-Zabaletak, Victor-Albisuk eta Altuna III.a-Martijak. Enpresek dagoeneko zehaztu dituzte finalerdietarako datak eta pilotalekuak.

Lehen jardunaldia martxoaren 9an eta 10ean jokatuko da. Martxoaren 9an, Iruñeko Labriten, Elezkano II.a eta Rezusta Victorren eta Albisuren kontra ariko dira. Hurrengo egunean, martxoaren 10ean, Eibarko Astelenan Altuna III.ak eta Martijak Irribarriaren eta Zabaleta izango dituzte aurkari.

Bigarren jardunaldia martxoaren 16an jokatuko da, Iruñean eta Bilbon. Larunbatean, Labriten, lehen jardunaldiko galtzaileek jokatuko dute, eta igandean, Bizkaian, lehen jardunaldiko irabazleak ariko dira elkarren kontra.

Azken jardunaldia martxoaren 23an eta 24an jokatuko da, larunbatean Iruñean eta igandean Donostian. Bigarren jardunaldia eta gero zehaztuko dute partiden ordena. Final handia apirilaren 7an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.