Hasi da afizionatuen denboraldia

Guaixe 2019ko ots. 26a, 11:33
Ailetz Lasa eta Eneko Aramendia, Goierriko TB-Laboral Kutxako aurkezpenean.

Larunbatean XI. Zumaiako Saria jokatu zen, Euskaldun Torneorako baliagarria. Esprintean erabaki zen proba, Baqué taldeko Fernandezek irabazi zuena. Ailetz Lasa, Josu Etxeberria eta Iker Cerviño kategoria berrian mustu ziren

Asteburuan hasi zen afizionatuen mailako txirrindularitza denboraldia. XI. Zumaiako Saria jokatu zen, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Euskaldun Torneorako baliagarria zen proba. Lasterketa hasi eta erdialdera aldera, eroriko handia izan da eta hainbat txirrindularik lurrean bukatu zuten. Horietako zortzi ospitalera eraman behar izan zituzten artatzera. Lasterketa neutralizatu zuten anbulantziak etorri arte eta, ondoren, distantzia laburtzea erabaki zuen antolakuntzak. Proba esprintean erabaki zen eta Baqué taldeko Migel Angel Fernandez gailendu zen. Rural Kutxako Juan Esteban Guerrero laugarrena sartu zen. Aurten afizionatuetara salto egin duen Ailetz Lasa ziordiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 29.a sailkatu zen, Rural Kutxarekin afizionatuetara salto egin duen Josu Etxeberria iturmendiarra 50.a, Goierriko TB-Laboral Kutxara joan den Eneko Aramendia iturmendiarra 68.a, Telcom taldeko Alex Uncilla 148.a, Lizarteko Asier Ormazabal ziordiarra 152.a eta Telcom taldearekin afizionatuetan debutatu duen Iker Cerviño 153.a.

Asteburu honetan Lehendakari Txapelketa hasiko da, 23 urtez azpikoa, igandean 10:30ean Ereñon jokatuko den lasterketarekin (105,4 km).