Mediterraneoan eguneroko heriotzen lekukorik ez daukagu. Aita Mari erreskaterako euskal itsasontziari lanera ateratzeko baimenik ez dio ematen Gobernu Zentralak.Open Arms-i ere ukatu zitzaion lan horretan ekiteari. Hortaz, inork ez badu ikusten han gertatzen dena, ez da existitzen. Gizaki horiek, ez dira existitzen. Ezta haien gorpuak ere. 35.000tik gora. Pertsonak ez balira bezala.
5 urte pasa dira Tarajalgo hondartzan guardia zibilak 15 lagun hil zituenetik. Auzia bitan artxibatu da, berriz ireki bada ere. Baina ez dago horren inguruko oihartzun handiegirik.
Bizitzak salbatzea debekatzearen paradoxa, zentzugabekeria, burla eta basakeria.
Ceuta eta Melillan dauden labanxka hiltzaileak, segurtasunaren argudiopean. Adin txikiko pertsonak noraezean Euskal Herriko kaleetan ere. Egoera bortitz horiek eta gehiago dakartzaten armen salmenta, gurean ere bai. Hori ere ez da ikusten ez entzuten; hortaz, badirudi negozio hiltzaile hori ere ez dela existitzen. Eta gurean daukagu.
Aurten Europarako hauteskundeak direla eta, eskuin muturraren gorakadaren aurrean denak beldur. Erne ibil gaitezen honekin, eta ez gaitezen erlaxatu eskuin muturrekoak ez diren agintariekin, hain “gaiztoak” ez direlakoan. Orain batzuek argi hitz eginagatik, besteek ere berdin jokatzen ari dira. Hala migrazio nola beste makina bat konturekin: osasungintza, pentsioak, lana, langabezia, genero indarkeria… Eta aporofobia: pobreari gorrotoa.
Beste paradoxa: aberatsak diren lurraldeak suntsitu eta txirotu ondoren, migrazioak sortu eta bizitza salbatzera gurera hurbiltzeko ahaleginei mota guztietako traba, zailtasun, harresi eta pareta jarri. Horrek, bizitza salbatzeko grina geldituko duelakoan.
Baina guzti horretan dugun zerikustekoaz ez denez ez ikusten ez entzuten, ez da existitzen.
Bada, bai, existitzen da.