Bilbo eta Gasteiz arteko BUTS proban Maiza txukun

Guaixe 2019ko ots. 28a, 15:56

Basque Ultra Trail Serieseko lehen proba jokatu zen asteburuan, Bilbo eta Gasteiz artekoa. 154 korrikalarik osatu zuten eta Joxeja Maiza etxarriarra 37.a iritsi zen, 16 ordu eta erdi lanean egon eta gero

Basque Ultra Trail Series (BUTS) mendi lasterketa erraldoiaren lehen edizioa 2017an jokatu zen. Bi urtero antolatuko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendirik mendi batzen dituen mendi lasterketa hau. Bere garaian Xebe Peñak lau hiri hauetako kate dralak batzeaz aritu zen eta handik dator ideia. Guztira lau etapa dira, hiriburuz-hiriburu egiten direnak.

Lehendabizikoa aurreko asteburuan jokatu zen, Bilbon hasi eta Gasteizen despeditu zena (108 km, 6.000 m desnibel +). Ostiral gauean, gaueko 12:00etan, jada larunbat goizean abiatu ziren 200 mendi korrikalari inguru Bilbotik. Tartean Imanol Aleson, Jon Erdaide, Arkaitz Galindez, Agurtzane Argiarro, Joxelu Albizuri eta Silvia Trigueros ezagunak. Gasteizera bitartean mendi asko gainditu behar izan zituzten, Ganekogorta, Kamaraka, Kolometa, Beluzaran, Egilleor, Oderiaga, Gorbeia, Araza, San Migel, Zaldiaran eta San Kiliz, besteak beste.

Orain arte ia ezaguna zen Angel Jabegak sorpresa eman zuen eta bera izan zen Gasteizen azkarrena (12:53:08), sekulako proba egin eta gero. 20 minutu luze atera zizkion Arkaitz Galindezi (13:13:02). Irteera hartu zuten 200 korrikalarietatik 154 iritsi ziren helmugara, 145 gizonezko eta 9 emakumezko. Emakumezkoetan Silvia Triguerosek erakustaldi ederra egin zuen eta txapelduna izan zen, merezimendu osoz (15:10:41). 35 minutu atera zizkion Alyssa Godeskyri (15:45:49).

Korrikalari sakandarrei dagokienez, Joxeja Maiza etxarriarra ongi ibili zen eta 37.a iritsi zen Gasteizera, irabazlearengatik hiru ordu t’erdi luzera (16:29:03). Jose Martin Orellana 88.a iritsi zen (20:03:20) eta Javier Ignacio Gonzalez 98.a (21:09:16).

Basque Ultra Trail Series zirkuituko 2. proba maiatzeko lehen asteburuan jokatuko da, Gasteizen hasi eta Iruñean despedituko dena (130 km). Arabatik Opakuako portutik eta Andoingo portutik Urbasara sartuko da eta Sakanatik pasako da, Lizarragatik, Beriaindik (1.493 m) eta EHko erdigunetik, tartean, Ollotik Iruñerantz aurrera egiteko. Hain zuzen ere, Beriain izango da probako mendirik altuena. Informazio gehiago: www.basqueultratrail.com.


Aurreko edizioan Dantzaleku Sakana Klubak probaren antolakuntzan parte hartu zuen eta martxa isten ibili ziren, balizak eta seinaleak kendu eta norbait atzean geratuz gero, haiek atenditzen.