Guaixeren Ihoteetako Argazki Lehiaketa hemen da

Guaixe 2019ko mar. 1a, 12:00
Argazkia egiten Altsasuko inauteri pertsonaien aurkezpenean.

Aurtengo ihoteetako argazkiak gaurtik martxoaren 20ra arte aurkeztu daitezke www.guaixe.eus web orrian. Bi sariak web orriko erabiltzaileen botoen bidez banatuko dira.

Inauterietan irudimena gorpuztu egiten da, eta ezohikoak diren irudi bitxi askoak uzten dizkigu. Irudi koloretsuak, irudimen eta sormen iturri direnen irudiak, irudi xelebreak… Ihoteak denetarako ematen du, berdin da haurrena, herri- edo hiri-ihotea izatea. Asko zarete une berezi horiek irudietan hartzen dituzuenak. Guaixe fundaziotik argazki horiek gurekin partekatzeko gonbidapena egiten dizuegu, azken finean, 2019ko Ihoteetako Argazki Lehiaketan parte hartzeko gonbidapena da egindakoa. Kamera, tablet, adimendun-telefono edo dena delakoarekin egindako argazkiak zuzenean www.guaixe.eus web orrian propio prestatutako atalera sar ditzakezu, klik gutxitan.

Lehiaketan aurtengo inauterian ateratako argazkiak onartuko dira soilik. Lanak gaurtik martxoaren 20ko 11:59ra arte aurkezteko aukera izanen da. Jasotzen ditugun guztiak www.guaixe.eus web orrian ikusgai izanen dira eta web guneko bisitarien botoek erabakiko dute zein diren saridunak. Botoa emateko aukera martxoaren 20ko eguerditik 27ko eguerdira izanen da. Zuek gogokoen dituzuen bi argazkien egileek Errigoraren kutxa txuri bana jasoko dute opari gisa. Animatu eta parte hartu Guaixeren Ihoteetako Argazki Lehiaketan.