Garagarrilean zabalduko da enplegu bulego berria

Guaixe 2019ko mar. 1a, 09:56

Nafar Lansareko eta udaleko ordezkariak, lanak egiten ari diren gremioetako ordezkariekin.

Altsasuko Gartzia Ximenez kaletik kamineroena zen etxeetako batera lekualdatuko da. Lekualdatzearekin batera aurretiko hitzordua ezarri, azpiegiturak hobetu eta alokairua pagatzeari utziko dio gobernuak.

Nafar Lansareko zuzendari kudeatzaile Paz Fernandezek jakinarazi duenez, bulego batetik besterako leku aldaketa maiatza akaberan eginen da eta garagarrila hasieran bulego berria martxan izatea espero dute. “Kokapen berriak langabetuen prestakuntza, enpresendako arreta eta hautaketa prozesuak egiteko erraztasunak emanen ditu. Gainera, ordenagailuak dituen gune berri bat izanen du, enplegu tramiteak eta kudeaketak egiten duten pertsonen autonomia indartzeko balioko duena”. Bulego berria martxan jartzen denean aurretiko hitzordu sistema ezarriko dute. “Jendeak administrazio arloko kontuak telefono edo Internet bidez egiteko aukera izanen du, bulegora joan beharrik gabe. Aurretiko hitzorduarekin etortzen diren pertsonei lan merkatura sartzeko gaitasunak hobetzeko zerbitzuak eskainiko zaizkie”.

Fernandezek azaldu duenez, “Burlatakoaren ondoren, Altsasukoa izanen da eredu integrala eskainiko duen bigarren bulegoa. Enplegurako politika publiko aktibo guztiak eskainiko dira, prestakuntza eta enpresei arreta eskaintzeko baliabide gehiago”. Nafar Lansareko buruak argitu duenez, “tramiteak egiteko bulego kontzeptu batetik bizi guztirako lan aktibaziorako, prestakuntzarako eta orientaziorako kontzeptu batera pasako gara. Beti ere, lan-merkatuaren errealitatearen arabera, gaitasunen etengabeko egokitzapena eskatzen duena”.

Paz Fernandez azalpenak ematen.


Nafar Lansareko buruak adierazi duenez, bulego berrian prestakuntza eskaintza zabalagoa izanen da. “Enpresekin hitzarmenak eginez edo elkarrekin antolatutako ekimenak izan daitezke dauden prestakuntza beharrei erantzuteko modua”. Fernandezek argitu duenez, “Sakanako Plan Estrategikoa egotea guretako ezinbestekoa da. Pertsonen prestakuntza norantz bideratu badakigulako. Eskualdeko enpresak sektore baterantz badoaz eta, paraleloki, prestakuntza ematen ez bagaude, ez gara lana ongi egiten ari. Enpleguaz, enplegurako lanbide heziketaz aritzean, enpresen eskutik joan behar dugu. Baita gertatu behar duenari aurreratu ere”. Fernandezek gogorarazi du 2013tik langabezia % 46,9 jaitsi dela, Nafarroan % 36,2 izan denean. “Horrek erakusten du enpresa planifikazioarekin eta estrategiarekin eskualdeek aurrera egiten dutela. Altsasu eraldaketa eredua da, merkatuaren joera berrietara egokitzen da”.

Bisitariak ate nagusitik sartzen. Enpelgu buleguaren eremurako sarbidea atearen parean dago.

Eraikinaren banaketa
Beheko solairuko 183,35 metro karratuetan eguneroko arreta eskainiko da. Diru-prestazioez eta subsidioez, politika pasiboez arduratzen den SEPEk 22,3 m2-ko bulegoa izanen du eta 18ko itxarongela. Nafar Lansarek 37 m2-ko bulego gunea izanen du, 18 m2-ko itxarongelarekin. Horietan bionboak jartzeko aukera izanen da. Behe solairuan, gainera, komunak, ezkaratza, erabilera anitzeko gela, gela bat, zuzendaritzaren bi bulego eta orientatzailearen bulegoa izanen dira. Wifi gunean langabeek on-line tramiteak egiteko aukera izanen dute han jarriko dituzten ordenagailuen bidez.

Behe solairuak sarrera nagusia eta langileena ditu. Azken hori erabiliz goiko solairura igotzeko aukera izanen da bulegotik pasa gabe, esaterako, arratsaldez ikastaroak badaude. Goiko solairuak 188 m2 inguru ditu horrela banatuta: itxarongela, bi bilera gela, prestakuntza gela, artxiboa eta biltegia eta bi bulego. Eraikinak bigarren solairua du, baina hura libre utziko dute, etorkizunean bestelako zerbitzuak ezartzeko. Kanpoko aldean aparkatzeko espazio zabala izanen da. Lanak Construcciones Maldadia SL enpresa egiten ari da. Arkitektura-proiektua Arqyme Barricarte y San Roman CPrena da.

Bulegoaren datuak
658.650 euro, lanen kostua.
20.000 euro, hornidura, telekomunikazio, altzari eta mudantza.
47.000 euro, egungo egoitzaren urteko alokairua.
838 langabe 2018ko urte akaberan.
177 ikasle 2018an antolatutako 11 ikastaroetan.
367 lanpostu kudeatu zituen 2018an, 133 erakunde publikoenak, 234 erakunde pribatuenak.


Polizia-etxe ondoko eraikina botatzen ari dira eta foruzainendako espazioa izanen da gelditzen den espazioa.

Espazio banaketa eta sarbidea
Kamineroen etxeetako parkean gaur egun suhiltzaileen eta Foruzaingoaren egoitzak daude. Azken horren ondoan dagoen eraikina baldintza txarretan dago eta hura botatzeko lanak hasiak daude. Gelditzen den espazio hori Foruzaingoarendako izanen da. Eraikin horren parean, gainera, hesiz itxi eginen dute. Beraz, suhiltzaileen ondoko sarreratik ezinen da etorkizunean enplegu bulegora eta etxegabeen aterpera joan. Zerbitzu bata edo bestea erabili nahi dutenak aldameneko hipermerkatuaren aparkalekutik zabalduko den sarbidetik egin beharko dituzte sartu-irteerak.

Ezkerrean ikusten den hesian itxiko da suhiltzaileen eta Foruzaingoaren eremua. Ezkerreko eraikina botatzen ari dira.