ETAren nafarren kontrako atentatu mortalen egoera prozesala txosten batean jasoa

Guaixe 2019ko ots. 28a, 20:15

Alvaro Baraibar, Ana Ollo eta Ignacio Perez Macias. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuaren lanean jaso denez, ETAk Sakanan hildako bi pertsonen hilketetako bat argitua eta bestea partez argitua eta preskribatua dago.

Nafarroan heriotzak eragin dituzten ETAren atentatuen egoera prozesala txostena aurkeztu zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Lana Ignacio Perez Maciasek egin du, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Irakasle Elkartuak. Txostenean ETAk Nafarroan egindako atentatu mortalen edo Nafarroatik kanpo foru komunitatearekin loturiko pertsonei egindakoen egoera prozesala erakusten da.

Aurkezpenean Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusi Alvaro Baraibarrek esan zuenez, “terrorismoaren biktimen eta horien elkarteen aldarrikapen nagusietariko bat Justizia da: haien pertsona maiteen atentatua zein egoeratan egin zen argitzea eta arduradunak identifikatzea”. Baraibarrek, gaineratu zuenez: “lan hau biktimen egiaren eta memoriaren ekarpena izatea nahi dugu”.

Foru administraziotik azaldu dutenez, lanak batez ere Audientzia Nazionalak emandako datu ofizialak eskaintzen ditu, egia jakiteko eskubiderako edo banako edo taldeko memoria eraikitzeko ekarpena egitearren. “Azken finean, helburu nagusia da ETAren biktimen erreparaziorako ekarpena egitea, egiarako eskubidetik abiatuta, egiazko eta egiaztatutako hurbiltasunetik, gizartea errealitate horren inguruan kontzientziatzen ere lagun dezan”. 


Txostena
Gaur aurkeztutako txostenean, batez ere Audientzia Nazionalak emandako datu ofizialak eskaintzen dira, egia jakiteko eskubiderako edo banako edo taldeko memoria eraikitzeko ekarpena egitearren. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan zuenez, “helburu nagusia da ETAren biktimen erreparaziorako ekarpena egitea, egiarako eskubidetik abiatuta, egiazko eta egiaztatutako hurbiltasunetik, gizartea errealitate horren inguruan kontzientziatzen ere lagun dezan”. 


Lanean jaso denez, ETAk nafarren kontrako 49 atentatu egin zituen eta haietan 56 pertsona hil ziren. Horietako bi Sakanan. Ibarrean ETAk hil zuen lehen pertsona Jesus Ulaiar Liziaga izan zen, Etxarri Aranatzen, 1979ko ilbeltzaren 27an. Bigarrena, berriz, Sebastian Arroyo Gonzalez izan zen, Altsasun, 1980ko ilbeltzaren 8an. Nafarroako Gobernuak publiko egindako txostenean jaso denez, Ulaiarren hilketa argitua dago: 1980an epaia eman zen eta hilketaren bi egile, konplize bat eta estaltzaile bat zigortu zituzten. Arroyorena, berriz, partez argitua dago. 1981ean eta 1985ean epaiketak izan ziren eta bi epai izan ziren: zelatatzeagatik konplize bat zigortu zuten eta nahikoa frogarik ez zelako bi prozesaturendako absoluzio-epaia eman zen. Epaitegiak 1999an behin betiko largesteko autoa eman zuen eta auzia preskribatua dago.

Estatuko Terrorismoko Biktimen Babeserako Legeak atentatuko biktimendako kalte-ordainak zehazten ditu. Perezek argitu zuenez, biktimek dirua baino justizia nahiago dute”. Azaldu zuenez, atentatua argituta badago kalte ordain handiena jasotzen dute biktimek (500.000 euro) eta atentatua argitu gabe badago gutxienekoa jasotzen dute (250.000 euro). Perezek azaldu zuenez, “gertaera beraren aurrean, atentatu terrorista, administrazioak erantzun desberdina ematen du”. Biktimen arteko alde horiek berdintzeko lege berrian lanean ari dela jakinarazi zuen irakasleak.