LABek soldata arrakalaren kontrako azterketa eginen du

Guaixe 2019ko mar. 4a, 08:36

LABeko ordezkariak enplegu bulegoan informazio eskaera aurkeztu ondoren.

Ordezkariak dituen enpresetan eta enplegu bulegoan datuak eskatu ditu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakalaren diagnosia egiteko.

Sakanako bost enpresetako LABeko emakumezko ordezkariek, sindikatuko ibarreko arduradunekin batera, Altsasuko enplegu bulegoan informazio eskaera egin zuten asteartean. Sakanako 15 udalerrietako gizonezkoen eta emakumezkoen inguruko informazio zehatza eskatzeko: osoak ez diren kontratuen kopurua, aldi baterako kontratuen kopurua, lan sektore bakoitzean dagoen kopurua eta kontratazio sistemak. LAB ordezkatua dagoen lantokietan ere eskatu ditu datuak. Sindikatuko ibarreko arduradun Arantxa Ibargoien Lizarazuk esan zigunez, jasotako datu horiekin guztiekin “Sakanako enpresetako egoera errealaren diagnosia egin nahi dugu”.

Gizonezkoek eta emakumezkoek jasotzen duten soldaten arteko aldearen kontra, soldata arrakalaren kontra, eta diskriminazio ororen aurka egiteko ekimen gisa aurkeztu zuen LABek atzokoa. “Sistemak, emakumeok ekonomikoki esplotatzeko tresna da gure kontura bi ildotan aberasteko: alde batetik, soldatapean egiten dugun lanari balioa kendu eta dagokiguna baino gutxiago ordaintzeko. Eta, bestetik, lan merkatuarendako funtsezkoa den esku lana erreproduzitzeko. Bestela esanda zaintza lanak dohainik egitera behartzeko”.



Proposamenak
Sindikatuak greba feministarekin bat egiteaz aparte, trantsiziorako hainbat neurri hartzea proposatu du, instituzioetan proposamenak eginez eta enpresatan ekintza sindikalaren bitartez. Honako proposamen zehatzak egin ditu LABek: berdintasun planak egin diren enpresatan, diagnostikoa, bitartekoak eta hauen ebaluazioak exijitzea; kontziliaziorako eta erantzunkidetasunerako benetako neurriak har daitezela; administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria, enpresa pribatuetara eramatea; zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea, murrizketak atzera botaz eta azpikontratazioarekin bukatuz; zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala; etxeko langileendako lan-baldintza duinak eta zaintzarako diru-laguntza berberak; zaintzarako sistema publikoa garatzea; zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak; doako haur eskolak; negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izanen delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea eta estatalizazioaren aurkako neurriak.

Erlazionatuak