Atzamarkada egin dute

Guaixe 2019ko mar. 5a, 11:08
Atzapar Rock taldea. UTZITAKOA

'Segi aurrera' diskoa kaleratu du Atzapar Rock taldeak. Gainera, Akelarre Kultur elkarteko Musika Taldeen lehiaketan bigarren eta publikoaren saria jaso zituzten. Izan ere, kontzertuetan sentitzen dira erosoen taldeko kideak

Atzapar Rock izena are eta ezagunagoa egiten ari da. Taldekideak oso gazteak dira, 15 urte dituzte, baina bi urte inguru daramate agertokiaren gainean. Sarabe Bigiristain abeslaria da, Ekhi Erauskin gitarra jolea, Aitzol Gartzarain tronpeta jolea, abeslaria eta gitarra jolea, Ander Goikoetxea bateria-jolea, Luken Goikoetxea baxu jolea eta koroak eta Asies Solis gitarra jolea. Seikoteak Atzapar Rock taldea osatzen du, eta Segi aurrera diskoa kaleratu dute. Benetako asmo adierazpena.

"Munduan gertatzen diren gauzen inguruan" hitz egiten dute Atzapar Rock taldeko abestiek. Segi aurrera diskoan hamahiru bildu dituzte, taldekideek sortuak. "Erdi bertsio" bat grabatu dute tartean. "Normalean ideia batetik sortzen ditugu. Aitzolek ekartzen ohi ditu ideiak eta letra batzuk, eta gero denok batera osatzen ditugu eta musika jartzen diegu". Rock-a jotzen dute: "rock biguna, ez oso potentea, baina rock-a".

Lehenengo diskoa
Segi aurrera diskoa kaleratu berri du Atzapar Rock taldeak. Diskoa grabatzea esperientzia berria zen Atzapar Rock taldeko gazteendako. Altsasun grabatu zuten duela urte bat inguru, Aretaren estudioan. Egindako lanarekin "oso pozik" daude, eta "lan handia" egin duela esan dute, baina "zuzenekoetan azkarrago joaten gara eta animatuagoak egoten gara". Hortaz, diskoa "mantsoa" ikusten dute. "Nolakoak garen ikusteko kontzertuetara etorri". Izan ere, taldekideek azaldu duten bezala "diskoa grabatzen hasi ginenetik orain arte gauzak aldatu dira". Beraz, lehen egiten zutena eta orain egiten dutena ezberdina da: "maila ezberdina da".

Diskoa dagoeneko salgai dago, hala ere, aurkezpen ofiziala martxoan egingo dute, Lakuntzan. Bertan emanaldia ere egingo dute. Diskoak sinatzen esperientzia dute jada, izan ere, aurreko asteburuan egindako Stock Azokan diskoak grabatzen aritu ziren.

Agertokietan ezagunak
Lehenengo diskoa orain iritsi da, baina agertokiaren gainean bi urte inguru daramate. "Hamar eta hamabost" kontzertuen artean eman dituzte eta zuzenekoetan sentitzen dira erosoen: "kontzertuak ematea motibatzen gaituena da". Gainera, jenderik gabe ez zirela ezer izango onartu dute: "musikari batzuk agertokiaren gainean izango ginateke, besterik ez". Publikoak bizia ematen du.

Zuzenekoak nahiago dituzte, eta zuzenekoek erantzuten dute. Izan ere, Txantreako Akelarre Kultur Elkarteko talde lehiaketan bigarren saria eta publikoaren saria jaso zuen Atzapar Rock taldeak. Hamabi talde hasi ziren, zortzi finalaurrekora pasa ziren eta finalera hiru iritsi ziren, tartean, Sakanakoak. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik parte hartu zuten lehiaketan, baita Madriletik ere.

Finalean jotzea "zoragarria" izan zela diote taldekideek. Hala ere, "oso urduri" zeudela aitortu dute. Gainera, "espero ez zuten gauza bat" gertatu zela azaldu dute. "Beti jotzen dugu azkeneko kanta bat eta oraingoan bukatu genuen bat- batean, kolpean. Orduan kontzertua bukatzeko abesti hori faltatu zitzaigun".

Gazteek ez zuten espero bigarren saria irabaztea: "nahiko flipatuta geunden". Talde oso onak zeudela adierazi dute. Gainera, lehiaketak beste talde batzuk ezagutzeko aukera eman die. "Oso jende jatorra zen.

Neguan kontzertuak emateko aukera gutxi dutela azaldu dute, beraz, lehiaketetan parte hartzeko baliatu dute. Besteak beste, EITB-ko Maketa lehiaketan parte hartuko dute. Udan kontzertuak ematea espero dute, haien gustuko habitata.

Erlazionatuak