Andra Mari ikastolak 2009an Arbizun egin zuen estreinako Oinez Basoa. Zortzigarrena Iñigo Aritza ikastolaren eskutik Altsasura iritsi da. San Pedrozelai ondoan ehun bat zuhaitz (gaztainondoak eta gereziondoak) landatu zituzten ikastolako komunitateko kideek otsailaren 23an. Zuhaitz bakoitzak Oinez Basoa babestu duten 15 ikastolen, enpresen, erakunde eta banakoen izen bana dute, “lankidetza agerian uzteko”. Oinez Basoa dela azalduko duen kartela ere jarriko da. Langintza horretan ikastolakoek Altsasuko Kooperatibako langileen laguntza izan zuten.
Horretaz aparte Usolarrainen gauinarendako edo saguzarrendako 20 habia-kutxa jarri zituzten (aurrerago beste 10 jarriko dituzte). Hori guztia Iñigo Aritza ikastola Altsasuko Udalarekin elkarlanean egin du. Usolarrainen bertan Txuspo Poyoren zuhaitz-etxea dago. Oinez Basoa ekimenarekin hura zaharberritu eta interpretazio kartelak jarriko dira. Horretan, Altsasuko Udala ariko da nagusiki. Horrela, Oinez Basoak eta Artea Oinezek bat eginen dute.
Oinez Basoa mustutzeko ekitaldian Iñigo Aritza ikastolako lehendakaria den Eneida Carreño Mundiñanok aipatu zuen larunbatekoa Nafarroa Oinez 2018 ixteko eguna ere bazela. Carreñok eskerrak eman zizkien parte izan diren erakunde, enpresa, udal eta eragile guztiei, eta, era berezian, Nafarroako Kutxa Fundazioari, Gesoli, NUPri, Altsasuko Udalari eta Nafarroako Gobernuari. Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek, bestalde, Iñigo Aritza ikastolari eskertu zion Nafarroa Oinez urte osoan herriari egin dion ekarpenarengatik.
Bechstein gauinara
Nafarroa Oinezko koordinatzaile izan zen Jone Areta Urrestarazuk gogorarazi zigunez, Nafarroako ikastolen festak “sortzen duen CO2 isuria eta ekologia-kaltea konpentsatzea zen Oinez Basoaren hasierako asmoa. Egia da gero eta pedagogi-garrantzi handiagoa ematen diogula eta Nafarroako eskualdearen arabera esku-hartzeak desberdinak dira”. Iñigo Aritzaren Oinez Basoaren bereizgarria Bechstein gauinarendako habia-kutxak jartzea izan dela nabarmendu zuen. “Ekologia-balio handiko animaliak dira. Normalean gizarteak ez die halako garrantzirik ematen, ezagutzen ez dugulako. Guri tokatu arte ez genekien halako baliorik zuenik”.
Juan Tomas Alcalde biologoaren eta Luis Laurnagari basozainak ere izan ziren ekitaldian. Aurrenak gauinarendako jarritako habia-kutxen eta ingurune horretan dauden saguzarren espezieen inguruan azalpena eman zuen, habia-kutxek ekarriko dituzten onurak nabarmenduz. Usolarrainen Bechstein gauinara (Myotis bechsteinii) espeziea dago. Europa ia guztian zabaldua dagoen espeziea da, baina espezie arraro eta bakana da, toki jakinetan opatzen baita, tartean Sakanan.
Tarteko tamainako kiroptero bat da, baso zaharretan bizi da, hariztietan bereziki. Haritz zaharretan dauden zuloak maite dituzte. Haietan atseden hartu eta hibernatzen dute. Halakorik ez badago ez dira bertan bizitzera gelditzen. Habia-kutxek, beraz, horretarako eta haien ugalketarako baliagarri izanen zaizkiela jakinarazi zuen. Intsektuez elikatzen da. Alcaldek esandako tokietan jarri zituzten habia-kutxak.
Iñigo Aritza ikastola gauenaren inguruko lanketa berezia egin du, sentsibilizazio mailan, eta larunbatena nabari zen ikasleak inerexaguen inguruan asko zekitela. Martxotik aurrera gauenaretan aditua den beste emakumezko batekin mintegi zehatzak eginen dituztela aurreratu zuen Aretak. “Horren ondorioz informazio-panela sortu eta bertan jarriko dugu, jendeak ezagutu dezan”.