Juniorren denboraldiko lehen lasterketa Aitor Alberdirendako

Guaixe 2019ko mar. 5a, 14:26
Argazkia: Martin Early.

Sakana Group taldeko arbizuarrak juniorren Villatuertako XLI. San Veremundo Zirkuitua irabazi zuen, esprintean. Bere taldekide Igor Arrieta 5.a izan zen eta Quesos Albenizko Iker Mintegi 9.a, denbora berean

Junior mailako txirrindulariek denboraldiko lehen proba jokatu zuten igandean Villatuertan, 74 km-ko XLI. San Veremundo Zirkuitua lasterketa. Denboraldia hasteko gogotsu zeuden gure taldeak. Mustutze eguna zen Aralar Txirrindularitza klubarendako. Babesle berria du Lakuntzako taldeak, Sakana Gropu kooperatiba, eta izen horrekin eta maillot berriarekin lehiatuko da aurten. Burunda klubak Quesos Albeniz taldearekin jarraituko du lehian eta burundarrak ere denboraldia hasteko gogotsu zeuden.

102 txirrindularik osatu zuten proba eta bederatzi txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen elkarrekin helmugara. Esprint estuan, Sakana Group-Aralar taldeko Aitor Alberdi izan zen lehena (1:38:46), Lizarte taldeko Mikel Retegiren aurretik. Bere taldekide Igor Arrieta bosgarrena sartu zen, denbora berean, eta Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi bederatzigarrena, denbora berean. Aipatu hiru txirrindulari hauek kadete mailatik junior maila egin dute salto aurten, juniorren mailako euren lehen urtea da, eta sekulako maila eman zuten. Lehen urteko sailkapenean Alberdi izan zen lehena, Arrieta bigarrena eta Mintegi laugarrena. Aurreko urtean kadete mailan sekulako maila eman zuten eta badirudi, aurten, junior mailan ere goian egongo direla gure txirrindulariak.

Bestalde, El Caserio Valsay taldetik Lizarte taldera egin du salto aurten Jon Gilek. Lakuntzarra 10.a iritsi zen helmugara, 13 segundora, Unai Aznar (Quesos Albeniz) 36.a, 50 segundora, Diego Gonzalo (Quesos Albeniz) 75.a, 2:30era, eta Mikel Lizasoain (Sakana Group-Aralar) 80.a, 2:30era.

Afizionatuak: Rural Kutxako Urbano hirugarrena Ereñon
Igandean hasi zen afizionatuen mailako 23 urtez azpiko Lehendakari Txapelketa, XVI. Ereñoko Udala Sariarekin. Proba nahasian, azkenean Baqué taldeko Jon Agirrek eta Lizarte taldeko Martin Bouzasek aurrera egin zuten, baina helmugan Agirre izan zen azkarrena (2:43:11), Bouzasi 6 segundo aterata. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Carmelo Urbano hirugarrena iritsi zen, 33 segundora eta bere taldekide Oier Lazkano laugarrena, 34 segundora. Goierriko-Laboral Kutxa taldeko Ailetz Lasa ziordiarra 32.a sailkatu zen.

Larunbatean, Urretxun, Lehendakari Txapelketarako baliagarria den lasterketa jokatuko da Urretxun, 15:30ean, Goierriko Itzulia (119 km) eta igandean Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria den proba antolatu dute Zaldibarren, 11:45ean.