Iratxokoekin Ezkabara

Guaixe 2019ko mar. 6a, 13:45

Ezkabara mendi ibilaldia antolatu du Iratxo mendi taldeak igandean. Bi aukera daude, Ezkaba-Saigots (25 kkm) edo Ezkaba-Olabe (13 km)

Irurtzungo Iratxo mendi taldeak memoria ariketa bat egin nahi izan du egunotan. Horrela, ostegunean Fermin Ezkietak “Ezkabako ihesa-La Fuga de Ezkaba” liburuaren aurkezpena egin zuen Iratxo elkartean eta gerrate zibilaz, 1936ko kolpeaz eta ondoko errepresio gogorraz aritu ziren bildutakoak. Eta Ezkaban gertatutakoaz informazio fidela jaso eta gero, igande honetan, martxoaren 10ean, Ezkabara mendi irteera antolatu dute Iratxokoek.

Hitzordua igandean 7:00etan jarri dute, Iratxon. Bi ibilbide egin daitezke: luzea, Ezkaba eta Saigots artekoa (25 km), edo motza, Ezkaba-Olaba artekoa (13 km). Izena ematea zabalik dago Iratxo elkartean edo iratxomendi@gmail.com e-postan. Informazio gehiagorako 620 190 277 telefonora hots egin daiteke.

Bestalde, apirilaren 14an, igandearekin beste ibilbide bat antolatu dute Iratxokoek, goizeko 7:00etan hitzordua jarrita. Bi aukera egongo dira: Saigots-Urepel (26 km) edo Saigots-Sorogain (17 km).

Orisolera, Sakanako Mendizaleekin
Sakanako Mendizaleak taldeak prest dauka martxoko irteera. Hurrengo asteko igandean, martxoaren 17an, Arabarantz joko dute, Orisol izango baitute helmuga. Orisol (1.128 m) Arabako Arangio edo Etxaguen haitzetan dago, eta bertara igotzearekin batera, ibilbide ederra egingo dute Sakanako mendizaleek.

Autobusa martxoaren 17an goizeko 7:00etan aterako da Irurtzundik, eta ondoren Sakanako gainontzeko herrietatik pasako da, txangoan izena eman duten mendizaleak hartzeko. Izena ematea zabalik dago, herri bakoitzeko arduradunari esanda edo, bestela, 639 117 631 telefonora hots eginez.