Erregionala: Lagun Arteak eta Altsasuk igoera faseari ekingo diote

Guaixe 2019ko mar. 7a, 09:37
Erregional mailako liga erregularra irabazi zuen Lagun Arteak orain igoera faseari ekingo dio, Altsasuk bezala.

Universidad de Navarraren kontra ariko da igandean Lagun Artea eta Altsasuk Ardoi B hartuko du larunbatean Dantzalekun

Erregional mailako liga erregularra despeditu zen. Lakuntzako Lagun Artea bere multzoko liderra izan zen eta Altsasu laugarrena. Horrela, bi taldeak preferente mailara igotzeko igoera faserako sailkatu ziren, igoera faseko A multzoan. Guztira 8 talde daude multzo horretan, bi sakandarrez gain Urroztarra, Iruntxiki, Ardoi, Universidad de Navarra, Lagunak B eta Amaya. Aurreko astean atsedena izan eta gero, bi taldeek asteburu honetan ekingo diote igoera faseko A multzoko lehen jardunaldiari.

Larunbatean Altsasuk Zizurko Ardoi B taldea hartuko du Dantzalekun, 16:00etan. Aldiz, Lagun Arteak igandean jokatuko du Universidad de Navarra taldearen kontra, OPUS-eko futbol zelaian, 12:00etan.

Jubeniletan ere igoera faseari ekingo diote Lagun Arteak eta Altsasuk, bi taldeen arteko derbian
Euren talde nagusiek bezala, Nafarroako Futbol Federazioko Jubenilen 2. Mailan Lagun Artea eta Altsasu jubenilen 1. Mailara igotzeko igoera faserako A multzorako sailkatu ziren. Guztira sei talde daude jubenilen igoera faseko A multzoan, talde sakandarrez gain Rotxapea, Beriain, Doneztebe eta Berriozar A. Lagun Arteak eta Altsasuk elkarren kontra jokatuz ekingo diote igoera faseari, Lakuntzako Itxesalde zelaian larunbatean, 11:30ean jokatuko den bi talde sakandarren arteko derbian.